Minbiziaren Aurkako I. Mendi Martxa antolatu dute Villabonan

Ataria 2024ko ira. 12a, 13:02

7,7 kilometroko ibilbidea izango du eta adin guztietako herritarrek egiteko modukoa izango da. Izena aurrez ematea eskatu dute antolatzaileek.

Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkarteak mendi martxa solidarioa antolatu du irailaren 28an, Villabonan. Berdura plazatik aterako dira Lastur parkera. Mandabieta eta Komizarko parketik igaro ondoren, berriro itzuliko dira irteera puntura.

Ekimenak hiru helburu dituela azaldu du Maria Jesus Rodriguezek, Minbiziaren Aurkako eskualdeko batzordekideak: «Gaiari lotuta gizartearen parte hartzea handitzea jarduera fisiko baten bitartez; minbizia ikusaraztea gaixotasunaren inguruko tabu soziala ezabatzeko eta kirolaren bidez bizimodu osasungarria sustatzea».

Mendi martxa solidarioaren aurkezpen ekitaldian, Beatriz Unzue herriko alkatea antolatzaileen ondoan izan da. Eskertuta, ondorengo adierazpenak egin ditu Unzuek: «Ohore handia da guretzat ekitaldi berezi hau hartzen duen lehen udalerria izatea. Herritar guztiak animatu nahi ditugu ekitaldi honetan parte hartzera eta elkartasun adierazpen handi honekin bat egitera».

Maria Jesus Rodriguezen esanetan, egun horretako jardueretan ateratako dirua, «pazienteei eta euren familiei doako zerbitzuak eskaintzen jarraitzera bideratuko da».

Izen ematea

Antolatzaileek eskatu dutenez, ahal bada, izena aurrez eman beharko da. Horretarako bi aukera izango dira:

Izen ematearen prezioa 7 eurokoa izango da 13 urtetik gorakoentzat. 4-12 urte bitartekoek 4 euro jarri beharko dituzte. 3 urtez azpikoek ez dute ordaindu beharrik izango.

Egitaraua

Irailak 28, larunbata

  • 09:30. Berdura plazan mendi martxari irteera emango zaio.
  • 11:30. Buruhandiak eta aisialdi jolasak Irrika Aisialdi Taldearen eskutik.
  • 12:30. Villabonako Eresargi abesbatza.
  • 13:00. Amaia Agirre bertsolaria.

Irailaren 28az gain, 24an ere zientzia gune bat jarriko dute Berdura plazan. Ikerketa onkologikoaren munduko eguna ospatzen dela kontuan hartuta, elkarteak minbiziaren ikerketaren inguruko Zientzia Gunea jarriko du Villabonan, etxeko txikienei zuzendua.

Amaitzeko, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Elkarteak eskerrak eman dizkie CMO Valves enpresari, martxaren babesle nagusia izateagatik. Amasa-Villabonako Udala, Aizkardi Mendizale Elkartea, Irrika Aisialdi Taldea eta Eresargi Abesbatza ere gogoan izan dituzte, beste hainbat kolaboratzailerekin batera. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!