Txakolin Eguna ospatuko dute Amasan larunbatean

Ataria 2024ko irailaren 11

Amasako Uxotoki elkarteak eta herriko hainbat gaztek, Txakolin Eguna antolatu dute hilaren 14rako. Aurten lehen aldiz Amasa bertako txekor bat erreko dute goizean zehar eta pintxo modura dastatu ahal izango da.

Larunbatean, hilak 14, Txakolin Eguna ospatuko dute Amasan. Hirugarrenez Sega Txapelketa Herrikoia izango dute 16:30etik aurrera eta 9 parte hartzaile izango dira: Mikel Arretxe, Kepa Nazabal, Jon Beldarrain, Arkaitz Arretxe, Joseba Astiasaran, Joseba Otegi, Julen Etxeberria, Jon Ezeiza eta Kepa Otegi. Sega proba nazioarteko eran egingo dute; alegia, azkartasuna eta txukuntasuna hartuko dituzte kontuan. Sailkapen proban 100 metro koadroko saila moztu beharko dute. Lau segalari hoberenak finalera pasako dira eta bertan, 200 metro koadrokoa izango da moztu beharko duten saila.

Sega txapelketa eta gero dastatu ahal izango dira Getariako izendapeneneko txakolinak, aurten gainera, lehen aldiz bertako txekorra erreko dute goizean goizetik, eta txakolinarekin batera dastatu ahal izango da pintxo modura. Kopa eta 2 pintxo 6 euroren truke eskuratu ahal izango dira.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!