Asteburuko stock azokaren ondoren bonu kanpaina abiatuko dute merkatariek

Ataria 2024ko ira. 5a, 18:00

Ostirala eta larunbatean merkatariek kalera aterako dituzte euren produktuak eta datorren asteartetik aurrera eta abendura arte luzatuko dute bonuen seigarren kanpaina. Amasa-Villabonako Udalak 57.000 euroko inbertsioa egin du kanpaina honetan.

Irailaren 10ean hasi eta abenduaren 24ra arte luzatuko da Amasa-Villabonako kontsumo bonuen seigarren kanpaina. Oria merkatarien elkartearekin lankidetzan antolatzen du kanpaina udalak, «herriko merkataritzari bultzada bat emateko».

Kanpainaren aurkezpen ekitaldian Beatriz Unzue alkateak esan du tokiko saltokiak direla herriaren oinarri nagusietako bat, eta bonuen kanpaina berriarekin, erosketak herriko saltokietan egitera bultzatu nahi dituztela herritarrak: «Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak». 

Alkateak esan du azken hilabeteetan hainbat saltoki itxi direla herrian eta joera honek kalte nabarmena egiten diola herriko ekonomiari eta kaleetako bizitasunari. Giltzarritzat jo du, beraz, kanpaina honetan parte hartzea, «merkataritza sektorea biziberritzeko». 

Asmo horiek guztiak gauzatzeko 57.000 euroko inbertsioa egin du udalak kanpaina berrirako. Unzuek aipatu du 2024. urterako Oria merkatari elkartearekin sinatutako lankidetza hitzarmenak 2.000 euroko gehikuntza izango duela, «elkarteak bonu kanpaina honek dakartzan kudeaketa gastuei aurre egin diezaion». Betalde, udalak 9.922 euroko inbertsioa egin du kanpaina honetan erabiliko den plataforma digitala eskuratzeko. 

11.400 bonu eta 46 saltoki

Seigarren kanpaina honetan 46 saltokik hartuko dute parte, honenbestez, bezeroek 46 saltoki horietan izango dute kontsumo bonuen deskontuaz baliatzeko aukera. Bezeroek identifikatu ditzaten denda hauek kontsumo bonuen kartela jarriko dute erakusleihoan. 

Oria merkatari elkarteko Nerea Eizmendik azaldu duenez, aurtengoan lehen aldiz, bonuek 5 euroko balioa izango dute. Modu horretan, 15 eurotik gorako gastua eginez gero, bonuaren deskontua aplikatuko da. Azken urteetan bezalaxe, bonuen aplikazioarekin kontsumitzaileak %33ko deskontua eskuratu ahal izango du: 

  • 15 euroko erosketa: 5 euroko bonu 1
  • 30 euroko erosketa: 5 euroko 2 bonu
  • 45 euroko erosketa: 5 euroko 3 bonu
  • 60 euroko erosketa: 5 euroko 4 bonu
  • 75 euroko erosketa: 5 euroko 5 bonu
  • 90 euroko erosketa: 5 euroko 6 bonu

Eroslea gehienez ere sei bonuren deskontuaz baliatu ahal izango da saltoki bakoitzean. Bonuen deskontuaz baliatu ahal izateko baldintza bakarra, erosleak 16 urte beteta edukitzea izango da eta ez da kontuan hartuko zein herritakoa den bezeroa.

11.400 bonu egongo dira erabilgarri, saltoki bakoitzeko 247. Bonuak ez dira fisikoak izango, ordea. Deskontua erosketa egiteko unean bertan aplikatuko da, beraz, ez dira bonuak aldez aurretik eskuratu beharko. Egindako erosketa ordaintzeko unean, dendariak kanpainan honetarako prestatu den tresna digitala erabiliz, egindako gastuari dagokion bonu kopuruaren deskontua aplikatuko dio bezeroari. 

Informazio guzti hori emanez, eskuorri bat argitaratu dutela jakinarazi du Eizmendik. Datozen egunotan herriko etxe guztietara banatuko dute eta bertan jaso ahal izango dira xehetasunak. 

Oria merkatari elkarteak herritarrei dei egin die herriko saltokietan erosketak egin ditzaten, Eizmendik aipatu duenez, «hori baita Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertitzeko modua, herri bizi-bizia izaten jarraitu nahi badugu, ezinbestekoa da gure denda eta saltokietan kontsumitzea».

Aukerako produktuak erosteko aukera asteburuan

Ostiralean eta larunbatean Oria merkatari elkarteak stock azoka egingo du Villabona eta Zizurkilgo kaleetan. 14 dendek parte hartuko dute eta euren eskaintza «hoberena» aterako dute kalera. 

«Ohitura den moduan, saltokien maukaz gain, herrian kale giroa egotea gustatzen zaigu, hori dela eta, musika eta jolasak egongo dira kaleetan zehar», zehaztu du Nerea Eizmendi merkatari elkarteko kideak. 

Bihar, ostiralarekin, eta eguraldiak laguntzen badu, jolasak egongo dira 16:30etik 19:30era, Txistulari eta Errebote plazetan. Saltokietan eskuratutako txartelekin parte hartu ahal izango da jokoetan. Gainera, larunbatean, Kolpez Blai taldearen musika izango da kalean, 11:30etik 12:45era. 

«Arropa, oinetarako, etxe dekorazio eta bestelakoak prezio ezin hobean eskuratzeko azken aukera izango da eta herritar guztiak animatzen ditugu erosketak egitera», esan du Eizmendik. 

Hauek dira parte hartzen duten saltokiak: 

  • Boutique MP 
  • Eizmendi kirolak
  • Galerias MJ
  • Amane arropa denda
  • Duna oinetako eta osagarriak
  • Tinta inprimategia
  • Gema loradenda
  • Ane Boutique
  • Basajaun liburu denda
  • Ugalde oinetakoak
  • Lider goxotegia
  • Garintza mertzeria
  • Albizu kirolak
  • Garazi loradenda

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!