2019. urtean, hamarkada luzez Villabonako Kale Nagusian egondako Foto Truchuelo argazki denda ezaguneko argazki funtsa Amasa-Villabonako Udalaren eskuetan uztea erabaki zuten denda hartan lanean aritutako Truchuelo familiako kideek. Orduz geroztik funts hau udal artxiboan egon da gordeta.
1984. urtera arte, Juani, Emilio eta Ramon anai-arrebak argazkigintzan aritu ziren Andoainen eta Amasa-Villabonan zituzten dendetan, eta urte horretatik aurrera, Ramonek Amasa-Villabonako dendaren ardura hartu zuen, bere arreba Juani zenaren laguntzarekin.
Historia kolektiboaren parte
Urteetan jasotako argazki-funts aberatsa herriaren historia kolektiboaren parte garrantzitsua jasotzen duten milaka argazkik osatzen dute. Besteak beste, 1960, 1970 eta 1980 hamarkadetako herriko lekuak, Santio jaiak, erregeen kabalgatak, errebote eta futbol partidak, haurren jaunartzeak eta herriko bikoteen ezkontzen ospakizunetako argazkiak aurki daitezke Truchuelo familiak udalari lagatako funtsean.
Argazki hauek batez ere argazki-film edo negatibo formatuan aurkitzen dira eta, guztiak behar bezala sailkatuta eta inbentariatuta daude. Amasa-Villabonako argazkiez gain, Zizurkil eta Asteasuko hainbat argazki-film ere jasotzen ditu funts honek.
Argazki-funts osoa modu ofizialean udalaren eskuetan uzteko, lagapen kontratua sinatu dute, Beatriz Unzue alkateak eta Ramon eta Emilio Truchuelo anaiek Villabonako udaletxeko Batzar aretoan.
«Zalantzarik gabe gure historiaren lekukotza bikaina eskaintzen du argazki bilduma zabal honek eta horregatik oso garrantzitsua da behar bezala sailkatzea, udal artxiboan modu egoki batean gordetzea eta batez ere interesa duten herritarrentzat modu erraz batean eskuragarri ipintzea. Azken batean, funts hau ondo zaindu beharreko kultur ondarea da», esan du alkateak.
Horregatik, udalak, udal artxiboaren baitan argazki-funtsa behar bezala kontserbatzeko, sailkatzeko eta herritarrek kontsultatu ahal izan dezaten beharrezko bitarteko guztiak ezartzeko konpromisoa hartu du. Zentzu horretan, udalak adituen laguntza profesionalaren bidez argazkien digitalizazio prozesua abiatuko du, etorkizun hurbilean argazkiak formatu digitalean ere kontsultatzeko aukera egon dadin.
Oroigarriak oparitan
Amasa-Villabonako Udalak, herri osoaren izenean, eskerrak eman dizkio Truchuelo familia osoari eta batez ere Ramon eta Emilio Truchuelo anaiei, herriari egin dioten ekarpenagatik. «Kontatu ezinezko balioa duen argazki-funts hau gure herriaren historia garaikidearen erakusgarria da, eta oso positiboa da udalaren eskuetan eta herritar guztientzat eskuragarri egotea».
Guzti honegatik sinatze ekitaldian Beatriz Unzue alkateak, udalbatza osoaren izenean, esker oneko oroigarri bana eskaini die Ramon eta Emilio Truchuelori.