Minbiziaren tabuari aurre egiteko mendi martxa, irailaren 28an

Ataria 2024ko ira. 2a, 14:55

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak mendi martxa bat antolatu du lehen aldiz. Villabonan egingo dute eta izen ematea zabaldu dute jada.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak elkartasunezko lehen mendi martxa antolatu du irailaren 28rako. Villabonan egingo dute eta hiru helburu bete nahi ditu elkarteak: elkartasunezko jarduera fisiko batean gizartearen parte hartzea handitzea; gaixotasunaren inguruan dagoen gizarte tabua ezabatzeko minbizia ikusaraztea; eta kirolaren bitartez bizitza ohitura osasungarriak bultzatzea.

Mari Carmen Gil, Tolosaldeko Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko presidentearen esanetan pazientea eta bere familia erdigunean jartzen dituzte. Horregatik, Villabonako mendi martxan lortzen dituzten irabazi guztiak elkarteak dohainik eskaintzen dituen zerbitzuak indartzeko erabiliko dituzte. Dagoeneko egin daitezke mendi martxarako izen emateak, Olaederra kiroldegian, Villabonan, eta baita Rockthesport webgunean ere. Izena ematerakoan zapia eta motxila eskuratuko dituzte parte hartzaileek.

Irailaren 28ko mendi martxa Berdura plazatik abiatuko da 09:30ean eta 7,7 kilometroko luzera izango du. Hasitako toki berean amaituko da. Ekintza hau herritar guztiei bideratu nahi dietela nabarmendu dute Minbiziaren Aurka Tolosaldean elkarteko kideek.

Horretarako eguna borobildu eta gazteek nahiz helduek hitzorduaz goza dezaten goiz osoan zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte: 11:30ean, esate baterako, Irrika aisialdi taldeak hainbat jolas egingo ditu eta buruhandiak ere aterako dira kalera. 12:30ean, Eresargi abesbatzak emanaldia eskainiko du eta 13:00ean Amaia Agirre bertsolariak parte hartuko du.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen festa izango da iraila bukaeran egingo dutena eta mendi martxaren babesle nagusi den CMO Valves enpresari esker ona adierazi diote elkartetik. Horrekin batera, ekitaldia ongi atera dadin euren laguntza eskaini duten Amasa-Villabonako Udalaren eta Aizkardi mendizale elkartearen «ezinbesteko» laguntza ere eskertu dute bertan ibiltzen diren profesional eta boluntarioek.

Lehen aldia da elkartasunezko mendi martxa bat antolatzen duela Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak eta gure eskualdean izango du egoitza. Minbiziaren inguruan dagoen gizarte tabua eraisteko ekitaldia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!