ELKARRIZKETA

[GOGORATUZ] «Gehiago hitz egin behar genuke helduon hizkuntza-ardurei buruz»

Irati Irazusta 2024ko abu. 31a, 10:00

Jaime Altuna antropologoa. LEYRE CARRASCO

Hizkuntza-praktiketan adinak eta generoak nola eragiten duten aztertu du Jaime Altunak bere doktore-tesian; ondorioztatu du hizkuntzaren biziberritzearen gaineko ardura gehiegi jartzen dela gazteengan, eta gehiago erreparatu behar zaiola helduen jardunari.

Bere garaian Ingeniaritza ikasketak egin bazituen ere, aisialdiaren eremuan aritu da lanean urte askoan Jaime Altuna (Amasa-Villabona, 1973): udalekuetako begirale izaten, aisialdi-programak antolatzen, begirale ikastaroak ematen... baita hezkuntzarekin lotutako programak garatzen eta antolatzen ere. Duela hamabi bat urte Antropologia ikasten hasi zen eta zenbait ikerketa egina da, betiere haurtzaroarekin eta nerabezaroarekin lotuta; besteak beste, Josu Ozaitarekin batera Gau Beltzaren inguruan Itzalitako Kalabazen Berpiztea izenekoa. Ikasketa Feministak eta Generokoak masterra ere egin du, eta, horrekin lotuta, bost urteren ondoren joan den uztailean bukatu du doktore-tesia: Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan eta generoan ardaztuta.

Zer aztertu duzu tesian?

Gazteen hizkuntza-dinamikak, generoa eta adina kontuan hartuta. Ikerketa bi puntutik abiatu dut. Alde batetik, metodologia kualitatiboa erabili nahi izan dut gazteekin egonda eta haien hitzak jasota, elkarrizketen bitartez; izan ere, sumatzen nuen hizkuntzaz hitz egitean asko aipatzen zirela gazteak eta nerabeak, baina haiekin apenas hitz egin dela. Bestetik, berriz, aztertu nahi nuen nola eragiten duen generoak hizkuntza-praktiketan. Hori orain gutxi arte ez da gehiegi ikertu Euskal Herrian; egia da bere garaian Teresa del Valle aritu zela horretan, Miren Hernandez nire tesi-zuzendariak ere egin dituela lanak eta azken hamar urteotan aritu dela jendea hori ikertzen, hausnartzen eta liburuak argitaratzen, baina oro har gutxi ukitu da, Euskal Herritik kanpo asko landu bada ere. Hortaz, aztertu dut generoak nola eragiten duen hizkuntza-dinamiketan, maila teorikoan zein praktikoan, eta, horretan, gazte eta nerabeei eman nahi izan diet protagonismoa.



Nortzuk izan dira ikerketako gazte eta nerabe horiek?

Oarsoaldeko eta Donostialdeko kirol-taldeekin egon naiz, zehazki, futbol-, eskubaloi- eta dantza-taldeekin; hau da, ikerketa-unitateak taldeak izan dira, eta ez nerabeak bakarka. Nahiz eta eskualde horietako taldeak izan diren denak, kide guztiak ez dira bertakoak izan, talde batean baziren Arabakoak, Ipar Euskal Herrikoak eta Gipuzkoako beste eskualde batzuetakoak ere. Adin-tartea, gehienbat, 12 eta 16 urte bitartekoa izan da, baina bazen zaharragorik eta gazteagorik. Kirola nahiko zentzu zabalean ulertuta egin dut lana, eremu ez-formala deitzen zaion horren parte delako; azken urteotan egin ditugu gazteekin ikerketak eskolatik kanpo.

Generoari dagokionez, zein ondoriotara iritsi zara?

Galdera zen: «Generoak benetan eragiten du hizkuntzan?». Gaiaz aurretik pentsatu ez dutenei akaso arraroa irudituko zaie, inguruan ez dutelako ikusten mutilek eta neskek ezberdin egiten dutenik. Esan bezala, Euskal Herrian ez dago gehiegi ikertuta lotura hori eta nire ikerketan ateratako ondorioak ere kontu handiz hartu behar ditugu. Hori esanda, ateratako lehen ondorioa da baietz, generoak eragina duela hizkuntza-praktiketan, batez ere hitz egiteko moduetan; ezin da esan izugarrizko ezberdintasunak daudenik, ezin da esan badagoenik mutilen hitz egiteko modu bat eta nesken hitz egiteko modu bat, baina badituzte ñabardurak. Kirol arloan normalean ez dira oso elkarrizketa luze eta patxadatsuak izaten, gehiago izaten dira esamolde laburrak eta hitz solteak, emozioekin lotutakoak: haserrea adierazteko, emaitzen araberako tristura edo poza... Horrenbestez, askotan oso hizkuntza dinamikoa eta bortitza erabiltzen da, txantxa eta irain asko egoten dira tartean, eta hitz egiteko modu hori oso lotuta ikusi dut maskulinitatearekin. Eta hemen sartzen da hizkuntza; izan ere, modu hori, maskulinitatearekin ez ezik, gaztelaniarekin ere lotzen da, errazagoa zaie txantxak edo irainak gaztelaniaz egitea. Ez dut esan nahi neskek horrela hitz egiten ez dutenik, baina ez da hain nabarmena. Hala ere, kuriosoa da, kasu horietan gaztelaniazko mutilen formak erabiltzen baitituzte, esate baterako, neska batek beste bati txantxetan-edo ari direnean «joe tio» esaten dio.



Eta hizkuntzaren aldeko edo kontrako jarreretan badago alderik nesken eta mutilen artean?

Euskararen aldeko ekimen eta taldeen parte-hartzaile ia guztiak neskak izaten dira; oso mutil gutxik hartzen dute parte, adibidez, institutuetako euskara taldeetan. Gizartean ulertzen da nesken ardura dela euskararen biziberritzearen aldeko mugimenduarenena, eta mutilek ez dute ikusten hor egoteak onurarik ekartzen dienik; hau da, ez diete kapital sinbolikorik edo prestigiorik ematen; zentzu horretan, onuragarriago ikusten dute futbolaren inguruko talderen batean egotea. Garbi ikusi zen Euskaraldiako parte-hartze datuetan, Euskarabentura eta gisako programetan ere bai... Badirudi euskararen biziberritzearen aldeko mugimendua zaintzarekin lotzen dela, eta zaintza aldiz, emakumeekin.

 

«Badirudi euskararen biziberritzearen aldeko mugimendua zaintzarekin lotzen dela, eta zaintza aldiz, emakumeekin»



Beraz, helduagoetan ere ikusten dira hizkuntzaren aldeko jarreretan desberdintasunak?

Nik ez dut helduen kasua zehatz aztertu eta ez naiz ausartzen esatera gizonek gutxiago hartzen dutenik parte euskararen aldeko mugimenduetan, nahiz eta, esan bezala, Euskaraldian hori islatu zen. Nire ustez ez da gazteetatik helduetara transmititzen den zerbait, alderantziz baizik: nerabeek egiten dutena helduen munduaren isla da; hala ikusi dut ikerketan. Maiz esaten da nerabeek helduei kontra egin nahi dietela, eta hein batean hala da, baina, bestalde, eta bereziki, nerabeek heldu izan nahi dute, hori baita gizarteak eskatzen diena. Beraz, genero ikuspegitik ere, helduen mundua da nerabeek erakusten digutena.

Maiz leporatu izan zaie nerabeei haurtzaroan euskaraz hitz egiten zuten askok erdarara jotzen dutela gero. Hori hala gertatzen da?

Nik ikusi dudanagatik bai, badago joera hori, baina ez dago goitik beherako aldaketarik, ez dira erabat euskaraz egitetik erabat gaztelaniaz egitera igarotzen, testuinguruaren arabera aldatu egiten da. Esatera baterako, asko nabaritzen da familian, herrian, eskolaz eta eskolaz kanpo inguru euskalduna daukan ume bat nerabezaroan erdarakadak erabiltzen hasten dela; hau da, erabat euskaraz hitz egitetik euskara nahasira egiten duela jauzi: kode aldaketa gertatzen da. Testuinguru erdaldunagoa duten umeetan, berriz, kasu gehienetan bi hizkuntzak erabiltzetik gaztelania hutsera igarotzen dira. Hala ere, ikusi dut kontrako aldaketarik ere, aztertu dudan futbol-talde batean gazte batzuk esan baitidate lehen jokatzen zuten taldean erabat gaztelaniaz hitz egiten zutela eta oraingoan euskara gehiago erabiltzen dutela. Nerabeentzat normalena da bi hizkuntzetan hitz egitea, alegia, hizkuntzak «mezklatzea», haiek dioten moduan, eta nahiko apropos egiten duten nahasketa da.

 

«Nerabeentzat normalena da bi hizkuntzetan hitz egitea, alegia, hizkuntzak nahastea»



Zergatik aldatzen dute hizkuntza?

Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke atzean. Batzuk gaitasun faltagatik egiten dute, ez daukatelako ohiturarik eskolaz kanpo euskara erabiltzeko eta esaldietan gaztelania sartzeak lagundu egiten dielako elkarrizketa aurrera eramaten. Beste batzuetan, ordea, arrazoia estetikoa eta ideologikoa da, gazte kultura nahasitako hizkuntza horrekin lotzen baita. Helduen aurrean protesta egiteko modu bat ere bada; gazteei etengabe leporatzen diegu ez dutela euskaraz hitz egiten, hizkuntza ez-zuzena erabiltzen dutela, erdarakadak sartzen dituztela... Beraz, horrela hitz egitea bada modu bat helduei erantzuteko «guri hori guztia leporatzen ari zarete, baina ikusten dugu zuek ere horrela jokatzen duzuela, helduen mundua ere erdaraz eraikitzen dela». Horrez gain, eta hau Katalunian dezente aztertu da, badago markatua ez izateko nahia; izan ere, euskara hutsean hitz egitea testuinguru askotan lotzen da identitate zehatz batekin, eta kontrakoa ere gertatzen da; hau da, inguru batzuetan erabat gaztelaniaz hitz egitea ideologikoki zerbaiten alde edo kontra agertzea dela ulertzen da. Bi hizkuntzak nahasteak, ordea, neutral mantentzeko aukera ematen du, erakusten baitu pertsona hori ez dela ideologikoki bustitzen.

 

«Batzuetan, arrazoia estetikoa eta ideologikoa da, gazte kultura nahastutako hizkuntza horrekin lotzen baita»



Hizkuntza-ohitura aldaketak beste adin-tarteetan ere gertatzen dira?

Bizitzako aldaketekin zerikusia izan ohi dute kode aldaketek, eta hori lotuta dago guda linguistikoarekin. Guda linguistikoa Katalunian sortutako kontzeptu bat da, eta bizi-zikloaren aldaketa batzuk hizkuntza dinamiketan duten eragina erakusten du; aldaketa horietako bat da nerabezaroa, beste bat unibertsitatera joateko garaia... Garai horretan, esaterako, asko eragiten du lagun-talde berriak, kokapenak, unibertsitateak berak... Beste aldaketa bat da guraso izatea; hemen ere, askotan ikusten da guraso izan berri direnak euskara berreskuratzen edo ikasten hasten direla, seme-alabekin erabiltzeko.



Hizkuntza-praktiketan desberdintasunik sumatu duzu kirolean edo kiroletik kanpo?

Euskararen biziberritze-prozesuan oso garrantzitsua da aisialdia, eta horren barruan kirolak pisu handia du. Tamalez, kirol-eremuan euskararen presentzia txikia da oraindik, Hego Euskal Herrian oso lotuta baitago gaztelaniarekin eta Ipar Euskal Herrian frantsesarekin, nahiz eta azken urteetan ari diren programak eta plangintzak martxan jartzen euskara bultzatzeko. Hala ere, kirol batetik bestera errealitatea aldatu egiten da, eta kirol-espezialitate batzuetan gehiago erabiltzen da euskara beste batzuetan baino; esate baterako, euskal pilota euskararekin lotzen da oro har, baita euskal dantza ere; beste dantza mota batzuk ez, ordea, garaikidea edo urban dance delakoa, adibidez. Dena dela, kirol guztiek ez dute pisu bera gizartean, jakina da futbola dela nagusi, eta horretan asko dago egiteko oraindik. Badaude talde batzuk saiatzen direnak hizkuntzan eragiten, eta horri heldu behar zaio; nire ustez oso garrantzitsua da euskal futbol eremuan euskara sustatzeko plangintza zehatzak egitea.



Futbolean euskara ez dago egoera onean, beraz? Esparru horretan gazteek badute erreferente euskaldunik?

Ikerketan gehienek esaten zidaten futbola gaztelaniarekin edo ingelesarekin lotzen zutela, Espainiako Liga eta Europako Liga direlako futboleko erreferentzia nagusiak. Dena den, euskararekin ere lotzen dute pixka bat; kirolari erreferenteez solasean ateratzen dira izen euskaldun batzuk, gaur egun Realean eta Athleticen -Osasunan ere pixka bat- Euskal Herriko jokalari gazte gehienek euskaraz baitakite eta komunikabideetan ere tarteka egiten baitute; gainera, Bartzelonako emakumeen taldean badaude mundu osoan famatuak diren futbolari euskaldunak, euskaraz egiten dutenak. Gogoratzen naiz ni txikia nintzenean Realeko jokalari guztiak hemengoak izanagatik ere, euskaraz zekitenak eta egiten zutenak oso gutxi zirela; horretan hobera egin dugu.

Izango du zerikusirik kirol hori kontsumitzen den hizkuntzak, ezta?

Bai, noski; kirol-arloa aipatzen dudanean ez diet erreferentzia egiten kirola praktikatzen duten horiei soilik, inguratzen duen guztiari baizik. Izan ere, futbolzale gehienek ez dute futbolean jokatzen, ikusi egiten dute, irakurri, sare sozialetan jarraitu... eta, jakina, oso garrantzitsua da hori zein hizkuntzatan egiten duten. Ikusi dut —eta hemen generoak garrantzi handia du— mutil askorentzat futbolak bizitzaren zati handi bat hartzen duela; haiekin kalean behaketak egin ditut eta etengabe aritzen dira futbolaz hizketan, jolastorduan edo asteburuetan beti izaten dute baloiren bat tartean, kalean lagunartean daudenean ere futbol-partiden emaitzak edo fitxaketak jarraitzen dituzte mugikorrean, bideo-jokoetan ari direnean FIFAn jokatzen dute… Nerabe batek hala esan zidan: «Guk futbola besterik ez daukagu buruan», eta oso nabarmena da. Neska batzuetan ere gertatzen da, baina ez da hain esanguratsua.



Kontua da gure garaian askoz leku gutxiagotatik jasotzen genuela futbolaren inguruko informazioa, orain, aldiz, hainbeste bide daude haren berri izateko… Duela urte batzuetako eta gaur egungo informazioaren ehunekoak alderatzen hasiz gero, segur aski euskaraz entzuten dena oso gutxi izango da. Hau da, arazoa ez da ez dagoela futbolari erreferente euskaldunik, baizik eta gaur egun erreferentzia asko daudela eta oso zaila dela hor euskarak bere tokia izatea. Telebistarekin gauza bera gertatzen da: garai batean kate gutxi zeudenez, horietako bat euskaraz bazegoenez errazagoa zen marrazki bizidunak euskaraz ikustea; orain, berriz, hainbeste kate eta plataformaren artean zailagoa da euskaraz kontsumitzea.

Esan izan da euskara eskolarekin lotzen dutela gazteek eta horrek hizkuntzaren kontrako jarrerak sor ditzakeela. Zer jaso duzu horren inguruan?

Nik ez dut eskolaren mundua aztertu eta ez naiz gehiegi esatera ausartzen, baina elkarrizketa askotan ikusi dudanagatik, gaur egun euskararekin lotutako esparru nabarmenik baldin badago, hori eskola da; zentzu horretan, lortutakoa aitortu behar zaio. Gazteei galdetu izan diet ea zer iruditzen zaien irakasleek euskaraz egiteko agintzea, eta esaten dute ulertzen dutela haien betebeharra dela euskara irakastea eta horrela jokatzea; ez dira horregatik haserretzen, nahiz eta gero ez dieten beti kasurik egiten. Hortik kanpo, ordea, aldatu egiten da kontua, ez baitzaie ongi iruditzen hezkuntza esparrutik kanpo arau hori izatea, bakoitzak nahi duena egiteko eskubidearen izenean.

 

«Azken 40 urteotan euskararen biziberritzea gehiegi utzi dugu eskolaren esku, eta orain beste esparru batzuetan ere egin behar dugu lan»



Eskolan hobetu beharreko alderdiak badaude, baina ezin dugu gaur egungo euskararen egoeraren ardura osoa bere bizkar utzi. Nire ustez azken 40 urteotan euskararen biziberritzea gehiegi utzi dugu hezkuntza formalaren esku, eta orain beste esparru batzuetan ere egin behar dugu lan. Eremu ez-formalek eragin handia dute euskararen erabileran, garrantzitsua da haurrek aisialdian, kirolean, dantzan, musikan… euskaraz hitz egitea. Hortaz, eskolak jarraitu behar du nerabeentzat erreferentzia nagusia izaten, baina lehenbailehen indartu behar da kanpoko lana; hori iruditzen zait gakoa momentu honetan.

Parte hartu duzu Espainiako Estatuko hizkuntza gutxituen ikerketa batean ere. Gainerako hizkuntzetako hiztun gazteek euskaldunen joera antzekoak dituzte?

Justizia soziolinguistikoaren inguruko proiektua da EquiLing ikerketa-proiektua, eta Kataluniako, Galiziako, Madrilgo eta Euskal Herriko kideok osatzen dugu taldea. Galizian eta Katalunian ikusten da baietz, joerak oso antzekoak direla; duela gutxi Mallorcan izan naiz eta han ere berdin. Batzuetan harritu egiten gara ikusita nola hemen egiten ari garen hausnarketa eta estrategia antzekoak dituzten beste lekuetan ere. Noski, bakoitzak bere testuingurua duenez badaude desberdintasunak, baina badira partekatzeko moduko egoerak.

Azken hilabetean Katalunian kezka handia sortu da gazteen artean katalanaren erabilera asko jaitsi delako; Kataluniako Gobernuaren inkesta baten arabera, azken hamabost urteotan hamabost puntu egin du behera.

Irakurri ditut titularrak eta ez zaizkit gehiegi gustatu, iruditzen zait batzuetan oso katastrofiko jartzen garela; datuak azken ikerketarekin alderatuta pixka bat hobetu egin dira, kontua da azkenekoan asko jaitsi zirela eta erabilera ez dela duela urte batzuetara iristeko adina hobetu. Hala ere, uste dut gazteez gehiegi hitz egiten dugula eta etengabe ari garela euren bizkar uzten hizkuntzaren biziberritzearen gaineko ardura. Behin tesia eginda, saiatzen ari naiz mahai gainean jartzen, nahiz eta gazteek baduten beren erantzukizuna, gehiago hitz egin behar genukeela helduon hizkuntza-ardurei buruz, batez ere, helduok dugulako botere tresna gehiago eta gu ari garelako hizkuntzaren planifikazioa egiten; bada garaia gazteak lasaiago uzteko eta helduon mundua eta hizkuntza kontuak uztartzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!