Villabonako Udal Artxiboan bi dohaintza berri jaso dituzte. Lehena, Amasa-Villabonako mendi komunalen larreen aprobetxamenduaren banaketa eta erregularizazioari buruzko memoria da, 1897ko data duena. Jasotako azken dohaintzari dagokionez, Salvadora paper lantegiko dokumentazioa da: batetik, La Salvadora sozietate anonimoko akziodunen batzar orokorraren akta-liburu bat, frankismoaren garaikoa; eta, bestetik, 1906tik 1952 bitarteko paper fabrikaren estatutuak. Dokumentazioa «oso aberatsa» dela nabarmendu dute, «herriko historia dokumentatu ahal izateko balioko duena».
Udal Artxiboa asko hazi dela azaldu dute, eta hein handi batean dohaintzengatik izan da. Horrez gain, berriki amaitu dute Villabonako Bake Epaitegiko artxiboko dokumentazioa Udal Artxibora toki aldatzen. Eraman duten dokumentazioa XIX. mende amaierakoa eta XX. mende hasierakoa da, hau da, dokumentazio historikoa dago bertan. 1994 urtera arte epaitegian sortutako dokumentazio guztia Udal Artxiboan gordeta zegoen. Urte horretan, ordea, Bake Epaitegia udaletik banandu eta lekuz aldatu zen, Berdura plazara lehenengo eta gaur egun dagoen bulegoetara ondoren, udaletxearen eraikineko beheko lokalean.
Orain arte, kutxa horiek antolatu gabe zeuden Bake Epaitegiko biltegian gaika bilduta, hau da, ez zuten artxibo sistema propio bat. Horrek asko zailtzen zituen kontsultak bai eta dokumentazioaren balioaren galera ekarri ere.
Besteak beste, ondoko sorta hauek daude eskura orain: adostasunak (1896-1971), emantzipazioak (1932-1951), herriko enpresen merkataritza-liburuak legeztatzeko espedienteak (1945-1984), utzarazpen-epaiketen espedienteak (1900-1945), 1819tik aurrerako epaiketak, adiskidetze ekitaldiak (1820-1909), jabetzen inguruko dokumentazioa (1879-1942), erregistro zibila, epaitegiko karguen izendapenen eta jabetza-hartzearen aktak (1887-1975), 1863tik aurrerako korrespondentzia, Familia Kontseilua eratzeko espedienteak 1905etik aurrera…