Iazko indusketa kanpainan eskualdeko hainbat kobazulotan egin du miaketa Aranzadi Zientzia Elkarteak, eta arrasto batzuk topatu ditu. Hain justu, Aranzadiko Amaia Arranz eta Jon Aldaia ikerlariek burutu dute arkeologia lana, besteak beste, Larraulgo, Albizturko, Amasa-Villabonako eta Itsasondoko udalen babesarekin. Iazko kanpainan aurkitutakoaren berri eman zuen Aldaiak maiatzean, Villabonako Subijana etxean.
Ordura arte, Erretenazpiko koban, Garmendi baserriaren aldameneko koban, Irañetako tumuluan eta Aranerrekako harpean egin zituzten aurkikuntzak. Aldaiak azaldu duenez, «Burdin Aroko aztarnategi gutxi ezagutzen dira Gipuzkoan eta ezagutzen diren horiek herrixkak dira. Beti argudiatu izan da gune horretatik kanpo sakabanatutako habitatetan bizi zirela garai hartako gizon-emakumeak. Orain arte, ordea, ez da aztarnarik topatu».
Aranerrekako harpean topatutako zantzuek itxaropentsu egoteko arrazoiak eman zizkien Aranzadiko ikerlariei. Udaleko brigada eta hainbat boluntarioren laguntzaz gunea garbitu ondoren, sutondo baten aztarnak topatu zituzten bertan. Aurkitutako ikatz bat datatu ondoren, lehen Burdin Arokoa dela jakin ahal izan zuten ikerlariek, duela 2.500 urtekoa. Horrekin batera, zeramika zatiak eta animalien hezurrak topatu zituzten, batik bat, txerri, ardi eta txakur hezurrak. «Bizileku on bat izan zela dirudi», aipatu du Aranzadiko kideak.
Orain, eremu zabalago bat ireki dute Aranerrekako harpean, zein okupazio mailakoa den eta nolako egituraketa duen ikusteko. «Azpiko maila honen gainetik ikusi dugu beste maila arkeologiko bat dagoela, Burdin Aroko edo erromatar garaiko tartekoa dena. Hori oraindik zehazteko daukagu eta datazioen bitartez zein kronologia duen jakingo dugu», azaldu du Aldaiak.
Bi okupazio maila
Bertan topatu dituzten maila arkeologiko desberdinen artean arkeologikoki gehienak «antzuak» direla esan du ikerlariak, baina badira bi maila okupazio. «Lehen okupazioa oraindik zehaztu gabe dago, baina uste dugu azken Burdin Arokoa edo erromatar garaikoa izan daiteekela, topatzen ditugun zeramikak eskuz eginda daudelako eta tipologiak hori iradokitzen gaituelako».
Horren azpian, berriz, beste okupazio maila bat dago. Arrasto gehienak bertan aurkitu dituztela jakinarazi du Aldaiak: «Arrastoei dagokienez, aberatsagoa da. Bertan, zeramikak eta animalien hezurrak topatu ditugu eta hau datatuta daukagu, hau da, duela 2.500 edo 2.400 urteen artean kokatzen da, kristo aurretik 500 edo 400 urte inguruan, bigarren Burdin Aroko hasieran». Aurrera begira eremua sakontzeko asmoarekin daudela dio ikerlariak, «okupazio zaharragoekin topo egiteko».
Horretarako, bolondresen laguntza ezinbestekoa dute. «Hemen egunero, gutxi gorabehera, sei lagun inguru biltzen gara, baina zenbait egunetan jende gehiago aritu gara lanean, eta hauek gabe ezinezkoa izango litzateke lortu duguna. Azken finean, lan asko dago, lur asko baitago ateratzeko, eta hemen denak musu-truk gabiltza lana egiten», esan du Aldaiak. Honela, bi ikerlariekin batera Aranzadiko kide diren Aloña Aldasoro, Jose Luis Iraola Puskas, Jexux Bidaola Txirrita, Karlos Almorza, Joanes Karrera, Andoni Mateos, Txuma Costas eta Jexux Tapia ere dabiltza bertan lanean.
Landa lana osteko ikerketak bukatzen dituztenean, hitzaldi bat eskaintzeko asmoa dute emaitzen berri emateko.