Villabonako garagardoaren festa agurtu dute

Leyre Carrasco 2024ko uztailaren 22a

Atzo amaitu zen Villabonako Irrintzi Elkarteak urtero antolatzen duen Garagardo Azoka. Ostegunean zabaldu zituen ateak eta lau egunetan zehar festa giroa nagusitu da Zubimusu Ikastolako aterpean. Aurten, 27. edizioa izan dute, eta ohi bezala, «arrakasta handiz» ospatu dute.

Lau egunetan zehar izan da zertaz gozatu Villabonan. Izan ere, Villabonako Irrintzi Elkarteak urtero antolatzen duen Garagardo Azoka ospatu dute, eta hain justu, atzo eman zioten amaiera. Aurten, 27. edizioa izan dute, eta urteroko moduan «arrakasta handia» izan duela diote antolatzaileek.

Aurten ere garagardoa izan da azokako protagonista, eta guztira, 23 garagardo mota ezberdin egon dira; 14 arrunta eta 9 berezi. Tragoarekin batera mokadutxo bat jan nahi zuenak ere izan du horretarako aukera. Horretako, ukondoa izan ohi da azokako bigarren protagonista, eta aurten 2.500 ukondo inguru zerbitzatu dituzte. Horrez gain, alemaniar saltxitxak, gulak, kroketak, errusiar entsalada, muskuiluak tomatearekin eta langostinoak baratxuri erara, gazta eta tiramisuarekin batera ere izan dira aukeran.

Atzo ere herritar ugari gerturatu ziren bertara, eta giro ederrean eman zioten amaiera festari. «Mila esker lau egun hauetan azokara gerturatu zareten guztioi. Polita izan da beste urte batez», adierazi dute Irrintzi Elkartetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!