Final gogor, lehiatua eta maila handikoa izango da

Imanol Garcia Landa 2024ko uzt. 19a, 11:59

Canabal-Garmendia eta Rekalde-Alduntzin bikoteak izango dira Antton Pebet Oroimenezkoa - Santio Txapelketaren finala jokatuko dutenak.

Finalera iristeko, Canabalek eta Garmendiak 17-22 irabazi diote Arribillaga eta Roldan bikoteari. Canabal «nahiko deseroso» sentitu da finalerdian: «Ez naiz gustura egon, eta errematea egiterakoan ez nintzen ondo kolokatzen. Gogortu dugu partida eta lortu dugu ateratzea». Garmendiak gaineratu duenez, «hasieran hotz sartu gara eta beraiek takada txiki bat egin digute, eta atzetik hasi gara. Partidak aurrera egin ahala sartzen joan gara, bikote bezala gehiago gehitzen, eta sufrituta, baina atera dugu, eta pozik gaude». Arribillaga aurrelariari kendu nahi zioten pilota eta ez dute lortu partida guztian zehar. «Gogorra izan da, baina finalera pasa gara», zehaztu du Canabalek.

Lehen aldiz ari dira bikote bezala jokatzen Villabonako txapelketan. Antton Pebet Oroimenezkoaren final bat jokatua du Garmendiak, eta orduan galdu egin zuen, orain bi urte. Canabalentzat lehenengo aldia izango da Villabonako txapelketaren finalean. Finala «oso gogorra» izango dela aurreikusten du Garmendiak: «Rekalderen aurka jokatu genuen final-laurdenak, orain ordezko bezala sartu da eta ikusten da sekulako aurrelaria dela. Alduntzinetaz, zer esan, afizionatu mailan dagoen atzelari indartsuenetako bat da, erreferente bat, eta irabazi nahi badugu asko jokatu beharko dugu». Canabalek ere «partida gogorra» izango dela dio: «Kostatuko zaigu tantoak ateratzea, eta nahi badugu irabazi hasieratik gogor ekin beharko diogu».

Beste finalerdian Rekaldek eta Alduntzinek 11-22 irabazi die Azketa eta Elizegi bikoteari. Irabazleek lehen aldiz jokatu dute txapelketan elkarrekin, eta finalerdian izan da. Landa-Alduntzin bikotea hasi zen lehian, baina Alduntzinek beste aurrelariren bat ere izan du, eta azkenean Rekaldek jokatu du finalerdia, Landa eskuko minez zegoelako. «Ikusi da bikote osoa egin dugula. Rekaldek defendatzen oso erraz ateratzen du pilota, eta oso ondo bukatzen du», esan du Alduntzinek. «Nik ere serio jokatu dut, pilotari altura emanez eta urrun jarriz, eta modu horretara, bikote ona eginez, irabazi dugu». Rekalde ere «gustura» sentitu da «Alduntzin bezalako» atzelari batekin: «Asko eman dio, eta nik aurrean defentsan ez dudanean asmatu, bera hor egon da atzetik aurrera joan eta pilota ateratzeko. Egia esan, berarekin gustura jokatzen da».

Finala «oso gogorra» izango dela dio Alduntzinek: «Afizionatuetan dagoen bikote gogorrenetarikoa da, eta finalak horrela behar du, bikote on baten aurka. Gogoz, motibatuta eta dena ematera joango gara». Rekaldek finalean aurkari izango dituenak ezagutzen ditu: «Final-laurdenetan beraien aurka jokatu genuen, ni titular nintzen bikotean, eta badakit oso gogorrak direla. Partida oso ondo jokatu zuten, eta badakit partida zaila izango dugula».

Alduntzinek aurretik jokatu zuen final bat Villabonan, eta galdu egin zuen. Rekalde lehenengo aldiz ari da jokatzen txapelketa. Beraz, finalean irabazten duenak lehen aldiz jantziko du txapela Villabonan. Uztailaren 28an, igandez, izango da partida erabakigarria, 18:30ean, Udal Pilotalekuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!