Gehigarria: ongizatea

Ikusmena eta entzumena zaintzeko

Ataria 2024ko uzt. 22a, 16:00

Villabona Optikak 2007tik eskaintzen du zerbitzua Kale Berrian. Optikari bezala hasitako ibilbidea, audiologiarekin osatu dute bezeroei arreta oraindik ere globalagoa emateko.

Villabona Optikak 2007an zabaldu zituen ateak eta ordutik, etenik gabe, zerbitzua eskaini dio eskualdeari. Urtez urte zerbitzuak ugaritu dituzte Ainhoa Lizarralde eta Larraitz Tejeria optikariek eta 2012an audiologia ikasketak burutu ondoren, bezeroentzako zerbitzu gehigarri hori ere eskaintzen dute. Bi zentzumen ezberdin izanagatik erlazionatuta daude eta ikusmena zein entzumena zaintzea norberaren ongizaterako ezinbestekoa dela esan dute bi profesionalek.

Optometriaren barruan dauden azpi atal guztiei arreta jartzen diete Villabona Optikan, eta azken urteetan, miopiak izan duen gorakada ikusita, bistan izaten den akats hau kontrolatzeko tratamenduei garrantzia berezia eman diete. Bistan izan dezakegun oker honek gehiagora jo ez dezan soluzioak ugaritu egin dira azkenaldian. Indar berezia hartu du, esate baterako, ortokeratologiak. Villabona Optikan eskaintzen dituzten orto-k izeneko lenteek asko lagundu dezakete miopiaren progresioa kontrolatzen. Gauez bakarrik eramaten dira lentilla hauek eta egunean zehar, lentillarik gabe, ikusmen egokia izaten du bezeroak. Miopiaren garapena zaintzea oso garrantzitsutzat hartzen dute, dioptrietan gora egin ahala, begian alterazioak izateko arriskua handiagotu egiten baita. Orto-k lenteekin batera bestelako soluzioak ere geroz eta ugariagoak dira merkatuan miopiaren kontrola egiteko. Hala nola, lentilla bigunak edota betaurrekoetarako kristal bereziak. Aterabide egokienaren inguruko informazioa ematen dute Kale Berrian dagoen optikan.

Miopia zaintzearekin batera, presbizia edo ikusmen nekatuari kasu egitea ere bada Villabonako optikarien egitekoa. Adinaren ondorioz gertuko gauzak ongi fokatzeko arazoak ematen dituen ikusmen arazoa da presbizia. 40-45 urterekin hasten da, eta aldaketa fisiologikoa da, ez gaixotasuna. Bezeroak kezkatuta gerturatzen zaizkiela aipatu dute optikako arduradunek, zenbait garaitan gogaikarria edo deserosoa izan daitekeelako distantzia motzera ondo ez ikustea. Haientzako guztientzako soluzio mota ezberdinak eskaintzen dizkiete betaurrekoetan: progresiboak, nekearen kontrakoak, okupazionalak. Lentilla multifokalek ere laguntzen dute presbiziari aurre egiten.

Ahalik eta arta osatuena eskaintzen saiatzen dira denda atzealdean duten kabinetean. Ikusmena aztertzeaz eta beharrezkoa bada lenteen graduazioaz arduratzen dira, baina harago ere begiratzen dute. Begiaren inguruko patologia baten zantzuak topatuz gero bezeroari jakinarazten diote, hura oftalmologo batera bideratuz. Gainera, erretina edo begi hondoaren argazkiak ateratzen dituzte eta espezializatutako okulista batengana bidali, hark azterketa zehatza egin dezan. Arazoren bat ikusiz gero, bezeroari jakinarazten diote.


Audioprotesistak herrian bertan

2012tik audiometria zerbitzua ere eskaintzen dute Villabona Optikan. Aipatu dute entzumen galera arrazoi ezberdinengatik gerta litekeela. Ohikoena, presbiakusia edo adinagatik gertatzen den entzumen galera da. Faktore genetikoek ere eragin handia izaten dute, eta baita zarata altuegiekin ibiltzeak ere. Dendako arduradunek dioten moduan, oso garrantzitsua da zarata, soinu edo musika altuegia ekidin eta babes neurriak erabiltzea.

Prebentzioan arreta jarri beharraz hitz egin dute optikari eta audiometrista profesionalek. Ia entzumen guztia galtzera itxaron gabe maiztasun jakin batekin azterketak egitea gomendagarria dela aipatu dute. 50 urtetik aurrera urtean behin, gutxienez, audiometria bat egitea gomendatzen dute.

Behin entzumenarekin dagoen arazoa zein den diagnostikatuta, irtenbide egokiena proposatzen diete bezeroei Villabona Optikan. Nabarmendu dute audifonoetan ikaragarrizko aurrerapenak egin direla azken urteetan, eta ez bakarrik adinekoek, adin ertaineko pertsonek ere onura handiak lor ditzaketela horrelako aparatuak jantzita. Gaur egun, bateria erabiltzen da audifono hauetako asko kargatzeko eta telefono mugikorrarekin konektatuta egoten dira. Bertan instalatutako aplikazioaren bitartez telefono deiak edo mugikorreko soinuak belarrian entzun daitezke, eta aldi berean, bolumena erregulatzeko aukera ere izan dezake bezeroak. Audioprotesistei ere, beharrezko egokitzapenak egiteko aukera ematen die teknologia berriak, bezeroa dendara bertara gerturatu gabe.

Gertuko arreta bezeroentzat

Aurrez aurreko arreta lehenesten dute Villabona Optikan, ordea. Bezeroarengandik gertu egotea da denda zabaldu zutenetik mantendu duten leloa. Ahalik eta zerbitzu osatuena eskaintzen dute Villabona Optikan eta badakite horretarako denbora behar dela.

Denbora ez bakarrik ikusmen edo entzumen arazo bati irtenbidea topatzeko, baita gertatzen zaionaren inguruko argibideak bezeroari emateko ere. Horrekin batera, betaurrekoen edota audifonoen erabileraren inguruko jarraibideak ere eskaintzen dituzte, erabiltzaileak ahalik eta erosoen egin dezan bidea.

Villabonako Kale Berrian, bertatik bertara eta herritik mugitu gabe topatu dezake arreta osoa bezeroak. Kate handi edota Interneten topa daitezkeen soluziobideekin alderatuta, gertuko tratua, entzuketa aktiboa eta konfiantza da Villabona Optikan eskaintzen dutena. 17 urteetan bezeroekin lortu duten harremanak ikusmena eta entzumena zaintzeko fidagarritasuna eskaintzen die billabonatarrei eta inguruko herritarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!