Gehigarria: ongizatea

Gertuko arreta, zure eskura

Ataria 2024ko uztailaren 22a

Duela hiru urte zabaldu zuen farmazia Marta Botanz farmazeutikoak Amasa-Villabonako Errota kaleko 9. zenbakian, herritar guztien eskura. Bertan, osasuntsu sentiarazteko produktu sorta zabala aurki daiteke: produktu naturaletatik hasi eta osagarri nutrizionalak, bitaminak, kosmetika naturala edota parafarmazia produktuak ere.

Lau profesionalek osatzen dute lantaldea, eta denek bezero bakoitzaren beharrak entzun, ikusi eta aholku batzuk emanez irtenbideak aurkitzen dituzte. Izan ere, bezeroetako asko sintomaren batekin joan ohi da farmaziara eta horien egoera hobetzea izaten dute helburu. Urteetako esperientziaz baliatuta, bezeroari aholkurik hoberenak ematen saiatzen dira, bere ongizatea ardatz hartuta. Bezero bakoitzarentzat lan egitea dute gogoko, konfiantzazko eta gertuko tratu pertsonalizatua eskainiz.

Produktuak saltzeaz gain, hainbat zerbitzu ere eskaintzen dituzte. Esaterako, gernubideetako infekzioetarako doako tira erreaktiboak egiten dituzte, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin elkarlanean, «horrela errazago egiten zaigu medikuarengana bideratzea, eta jendeari denbora aurrezteko modua da, baita osasungintzari ere», azaldu dute. Horrez gain, glukosa-analisia eta HG glikosilatua edota kolesterol-analisia eta profil lipidikoak ere egiten dituzte, eta, beharraren arabera, SPD pastilla kaxak ere prestatzen dizkiete bezeroei, «askok medikazioa hartzeko zailtasunak izaten baitituzte». Nutrizio zerbitzua ere eskaintzen dute, eta bertan, bezero bakoitzaren behar eta nahietara egokitutako elikadura hezkuntza garatzeko digestio-programa pertsonalizatuak prestatzen dituzte, baita kirol nutrizioari begirako programak ere. «Pisua jaisteko menuak prestatzen ditugu, baina intolerantziak eta digestio-patologiak dituzten bezeroei nutrizio hezkuntza ematea da gure helburua», azpimarratu dute.

Hala ere, euren espezialitatea larruazalaren arazo eta gaixotasunak dira, eta ospe handiko marka ezagunekin aritzen dira lanean. Esaterako, Arturo Alba, Nuxe edota Gema Herrerias. Azken honekin, iaz, Amasa-Villabonako Subijana eraikinean ekitaldi bat egin zutela kontatu dute, eta udararen ostean ere antzeko beste bat antolatzeko asmoa dute. Horrez gain, larruazalaren eta ilearen analisiak egiten dituzte makina batekin, eta bezero bakoitzaren beharretara egokitutako jarraipenak ere egiten dituzte.


 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!