Bi proba izango dira aurtengo Trikuharri mendi lasterketan

Ataria 2024ko uzt. 18a, 15:00

Iazko Trikuharri mendi lasterketetan podiumak osatu zituzten parte hartzaileak.

III. Trikuharri mendi lasterketa egingo da larunbat honetan, Villabonako Triatloi Taldeak antolatuta. Iaz, bigarren urtean, hiru proba egitea erabaki zuten eta aurtengoan bi proba egingo dituzte, lehenengo urtean bezala: luzeak, 22K izenekoak, 22 kilometro izango ditu, eta motzak, 12K izenekoak, 12 kilometro.

Bi mendi lasterketak Villabonako Errebote plazan izango dute hasiera eta bukaera. 22K proba 09:30ean hasiko da eta 1.164 metroko desnibel positiboa izango du. Onddolar (435 metro), Belabieta (699 metro), Uzturre (730 metro) eta Loatzo (636 metro) mendiak igoko dituzte. 12K lasterketak 430 metroko desnibel positiboa izango du eta Onddolar mendia igoko dute korrikalariek.

Proba luzean lehen bost parte hartzaileek izango dute diru saria, emakumezkoetan zein gizonezkoetan: 300, 250, 200, 50 eta 50 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Proba motzean lehenengo hirurentzat egongo da saria, 150, 100 eta 75 euro jasoko dituztelarik, hurrenez hurren. Bi probetan lehenengo herritar emakumezkoak zein gizonezkoak ere saria izango dute.

Aurretik izena emateko aukera bukatu da eta bi probak kontuan hartuta 455 korrikalarik eman dute izena, horietatik 245 motzean eta besteak 210ak luzean. Proba bakoitzean 250 parte hartzaile aurreikusten zituzten gehienez, beraz, ia plaza guztiak bete dira. Dortsalak jasotzeko gunea jarriko dute Villabonako udaletxearen arkupetan, bihar 16:00etatik 20:00etara, eta larunbatean 07:30etik 09:00etara 22K probarako, eta 08:00etatik 09:30era 12K probarako.

Iaz, 22K probako irabazleak Irati Larrañaga eta Jokin Tolosa izan ziren, eta lehen herritarrak Lierni Kamio eta Eneko Gurrutxaga. 12K lasterketan helmugara lehenak iristen Eneritz Armendariz eta Mikel Senperena izan ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!