Ostegunean irekiko ditu ateak Irrintziren Garagardo Azokak

Ataria 2024ko uzt. 16a, 11:59

Igandera arte Zubimusu ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdean arratsaldero garagardo eta jaki ezberdinak salduko dituzte 18:00etatik aurrera.

Villabonako Irrintzi elkarteak 27. Garagardo Azoka antolatu du eta ostegunean zabalduko ditu ateak 18:00etan. Gipuzkoan azoka «beteranoena» dela nabarmendu du elkarteko kide eta lehenengo urtetik antolatzaile lanetan dabilen Agustin Laskurainek. «Boladan egon ziren garagardo azokak eta orain jaitsita daude. Herri askotan egiteari utzi diote, baina guk eutsi egingo diogu ahal den bitartean behintzat».

Hainbeste urtetan irautearen sekretua zein den galdetuta eskaintzen duten ukondoan jarri du arreta antolatzaileak. «Beste azoketan ez bezala hemen prestatzen ditugu jakiak. Prozesu guztia hasieratik bukaerara gure sukaldean egiten dugu», azpimarratu du Laskurainek. Estimazio handia dio jendeak Villabonako azokako ukondoari, eta aurtengorako 2.500 baino gehiago edukiko dituzte prest. Horrekin batera Bilboko Thate etxeko alemaniar saltxitxak, gulak, kroketak, errusiar entsalada, muskuiluak tomatearekin eta langostinoak baratxuri erara zerbitzatuko dituzte, gazta eta tiramisuarekin batera.

GARAGARDO BERRIAK AUKERAN

Garagardoa da, ordea, azokako protagonista eta mota ezberdinetakoak dastatzeko aukera izango da aurtengoan ere. «Jendeak ez dio beldurrik izaten zerbeza klase berriak probatzeari eta ausartzen da marka berriak eskatzera», esan du Laskurainek. Guztira, 23 garagardo mota ezberdin egongo dira: 14 arrunt eta 9 berezi. «Aurten hornitzaile berriekin egin dugu aproba eta inoiz aukeran izan ez ditugun 13 garagardo mota berri izango ditugu. Horien artean, japoniar bat, italiar bat, eta bi eskoziar egongo dira». Antolatzaileen arabera, hala ere, azokara gerturatzen den ohiko jendearen gustukoena garagardo txigortua izaten da.

Upelean ekartzen dituzte eta iturritik zerbitzatu. Pitxarra 2 euroan egongo da salgai eta aurreko urteko prezioa mantenduko dute garagardoek: arruntek 4 euro eta bereziek 5 euro. Gluten gabeko garagardoa ere egongo da salgai 3 euroan. «Prezioak mantentzen saiatu gara, jendeak garagardoak dastatzeko aukera izan dezan».

Azokak izaten duen kokalekua jotzen dute Irrintzi elkartekoek arrakastaren beste gakoetako bat bezala. «Toki ezin aproposagoa da. Estalpeak eguraldi txarretik babesten gaitu eta erosoa da baita lanerako ere». Eserita egoteko 700 lagunentzako tokia egiten dute ikastolaren Txermingo egoitzaren azpialdean. «Hala ere zaila da kalkulatzen zenbat jende gerturatzen den; guk ez dugu kontagailurik eta zutik ere jende mordoa kabitzen da».

Gerturatzen den jende kopurua kalkulatzeko, saltzen duten garagardo litroei begiratzea da Irrintzikoek erabiltzen duten beste metodoetako bat. 14.000 litro da aurtengorako egin duten estimazioa. «Urtez urte aldatu egiten da kopurua. Dena den, beheranzko joera nabari dugu, dagoeneko ez baita lehen bezainbesteko nobedadea herrian garagardo azoka bat antolatzea. Eguraldiak ere badu zerikusia. Giro beroegia ez zaigu komeni izaten, jendeak kanporako planak egiten dituelako».

Gipuzkoan, Euskal Herrian eta estatu mailan irauten duen garagardo azoka «zaharrena» da eurena Irrintzi elkartekoen iritzian. Intxaurrondon abiatu zuten lehenengoa eta haiengandik ikasi zuten Villabonakoek. Ikasi eta aurrea hartu ere bai, gaur egun, azpiegitura oso bat baitute prestatuta azokarako. «Beste edozein elkartetan bezala gurean ere ofizio ezberdinetako jendea biltzen da: soldatzaileak, igeltseroak eta elektrizistak eta guk geuk prestatu ditugu hemengo sukalderako apalak eta tresneriak». Materiala eskualdeko herrietan sakabanatuta edukitzen dute urtean zehar, lokal ezberdinetan jasota, eta herenegun hasi ziren horiek denak bildu eta Txerminera eramaten, muntaiarekin hasi ahal izateko.

Urte hauetan guztietan findu egin da azokaren antolakuntza, baina aldi berean, ugaritu egin zaizkie eskakizunak. «Hasieran pirata batzuk ginen, baina gaur egun udaleko baimenez gain, arkitekto eskolako txostena eta osasungintzakoa behar izaten ditugu. Ofizioetan trebatuta gauden kideak arduratzen gara eskulanaz, eta gazteagoen esku uzten ditugu tramiteak».

AUZOLANA ANTOLAKUNTZAN

Irrintzin 85 bazkide dira eta muntai lanetarako, hor nonbait, baina ostegunetik igandera lanean aritzeko jende gehiago behar izaten dute. Bazkideen ingurukoak eta herriko hainbat elkarte eta eragileetako ordezkariek laguntzen digute txandak betetzen. «Ostegunean eta igandean 60 lagunekin moldatzen gara, baina ostiral eta larunbatean ia 100 lagun behar izaten ditugu jendeari kasu egiteko».

Herriko elkarteen arteko elkarlanaren adibide da, Behar Zana elkartearekin batera antolatu duten Irrintzi pasaka txapelketa. Uztailaren 20an jokatuko dute 16:30etik aurrera Olaederra kiroldegiko pilotalekuan. «Pilota modalitate bat da jende askok ezagutzen ez duena eta poza ematen digu Behar Zanakoekin batera antolatzeak».

Santio jaien bezperetan antolatzen du Irrintzi elkarteak garagardo azoka eta herritarrak irrikaz egoten dira hitzordua iristeko. Baina billabonatarrekin batera, Aiztondo bailarako eta Tolosaldeko jende asko gerturatzen da urtero bertara. «Jakin badakigu Donostiako eta Gipuzkoako beste toki askotako jendeak hutsik egin gabe egiten duela bisita Villabonara».

Ostegunean 18:00etan suziria botaz irekiko dute azoka. Egunaren arabera ixteko ordua aldatu egiten dela nabarmendu du Laskurainek. «Ostiral eta larunbatetan luzatu egiten dugu ordutegia, eta igandean, berriz, lehentxeago bukatzen dugu, gauerdirako edo». Publikoa, oro har, «jator» portatzen dela aipatu dute antolatzaileek eta ez dutela behin ere liskarrik izan ekimenaren bueltan.

Azokarekin bildutako irabaziak elkartearen hainbat ekimen bideratzeko erabiliko dituzte. «Izan genuen sutea eta gero, elkartea eraberritzeko egindako gastuari buelta eman berri diogu, eta orain, beste hainbat ekimen finantzatzeko baliatuko dugu azokatik ateratakoa», esan du Laskurainek. Ekarpena egin eta garagardo zein jaki ezberdinez gozatu nahi duenak, ostegunetik igandera arte izango du aukera Villabonan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!