Eskola Kiroleko eraikinean horma irudiak margotu dituzte

Ataria 2024ko uzt. 10a, 14:04

Eraikinaren lau aldeetan lau kirol ezberdin irudikatu ditu Nexgraff artista ezagunak: igeriketa, halterofilia, euskal pilota eta boleibola.

Amasa-Villabonako Udalak, herritar batek egindako proposamena jaso ondoren, Olaederra kiroldegiaren sarrerako Eskola Kiroleko bulegoaren fatxadan muralak margotzea erabaki du. Eraikinak dituen lau hormetan, Amasa-Villabonan praktikatzen diren kirol batzuk irudikatzen dituzten horma-irudiak margotu dituzte: igeriketa, halterofilia, euskal pilota eta boleibola.

Artelan hauek sortzeko Nexgraff artista ezaguna kontratatu du udalak. Ez da Nexgraffek Amasa-Villabonan egindako lehen lana, dagoeneko hainbat horma irudi ikusgarri eginak baititu, besteak beste, Amasako pilotalekuan edota Fleming Herri Eskolako eraikinetan. Udalak 5.950 euroko inbertsioa egin du kaleko artea eta kirola uztartzen dituen ekimen honetarako.

Kirol taldeei keinua

Eskola Kiroleko eraikinak lau fatxada dituela baliatuta, Nexgraff artistak lau kirol ezberdin irudikatu ditu, eta Amasa-Villabonan kirol hauetan lehiatzen duten taldeak daudela kontuan eduki nahi izan du. Igeriketako muralean, igerilariaren txanoan T ikt hizkiak agertzen dira, Olaederra kiroldegian aritzen den Tolosaldea IKT igeriketa taldeari erreferentzia eginez.


Boleibol kirolaren irudian emakume jokalari bat agertzen da more koloreko elastikoarekin, Aiztondo nesken boleibol taldearen kolorearekin. Gure herrian tradizio luzea duen halterofilia kirola ere presente dago eta horma irudian agertzen den pultsularietako batek, Zizurkil eta Villabonako Danok Danena taldeak erabiltzen dituen koloreak ditu elastikoan.
Olaederra pilotalekura begira dagoen horma euskal pilotari eskaini dio Nexgraffek, eta Villabonan jokatzen den errebote modalitateko botiloa margotu du izkina batean, Behar Zana pilota elkarteari keinu argi bat eginez.

Udaleko kultura sailetik kaleko artea sustatzen jarraitzeko asmoa duela adierazi du udal gobernuak. Horrela, datozen urteetan ere horma irudi gehiago egingo direla aurreratu dute. Izan ere, arte modalitate honek herriko kaleei kolorea eta bizitasuna eskaintzen diete eta hori balorean jarri nahi du udalak. Bestalde, ez dute baztertzen Amasa-Villabonako kaleetan arte espresio gehiago ere ezartzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!