Irailetik abendura egingo da kontsumo bonuen kanpaina berria

Ataria 2024ko uzt. 9a, 10:19

Kanpainan parte hartu nahi duten merkatariek uztailaren 22ra arteko epea dute izen emateko, udaleko webguneko galdetegi bat beteta.

Amasa-Villabonako Udalak kontsumo bonuen kanpaina berri bat abiaraziko du irailaren 10etik abenduaren 24ra bitartean. Ekimen hau Oria merkatarien elkartearekin elkarlanean egingo dute eta udalak 57.000 euroko inbertsioa egingo du.

Aurtengo kontsumo-bonoen berrikuntza da bonuak erosketa egiterakoan bertan eskuratu beharko direla. Gainera, digitalak izango dira, hau da, ez dira aurrez paperean inprimatuak egongo. Kanpainan parte hartuko duten merkatariek zuzenean aplikatuko dituzte bonuak erosketa egiten den unean bertan, ezingo dira aurrez eskuratu.

Bonuek 5 euroko balioa izango dute, eta guztira 11.400 bono egongo dira eskurgarri. 16 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute bonuak erabiltzeko aukera, haien bizilekua edozein delarik ere. Baina, pertsona bakoitzak, gehienez ere, 6 bonu erabili ahal izango ditu denda bakoitzeko.

Merkatariek izena ematea

Kanpaina berri honetan parte hartu nahi duten merkatariek aurrez izena eman beharko dute galdetegi hau beteta. Horretarako epea uztailaren 22ra artekoa izango da. Bonuak modu proportzionalean banatuko dira kanpainan parte hartzen duten establezimendu guztien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!