Euskarazko lehen film labur musikalean parte hartu du Gaizka Sarasuak

Ataria 2024ko eka. 20a, 16:00

Euskarazko lehen film labur musikalean parte hartu du aktore billabonatarrak. Orain crowfounding kanpaina abiatu dute sortze prozesuan sortutako gastuak estaltzeko.

Euskarazko lehen film labur musikala da Trabatutak eta Mondragon Unibertsitateko Ikus Entzunezko Komunikazioko sei ikaslek sortu dute. Amasa-Villabonako Gaizka Sarasua aktoreak parte hartu du proiektuan. Gorka Granado, Usoa Zuluaga, Iker Mateo, Nahia Arteaga, Ainhize Zurinaga eta Maider Gorosabel dira filmaren sortzaileak eta proiektua finantzatu ahal izateko crowfounding kanpaina bat jarri dute martxan, sorkuntzan izan dituzten gastuak estaltzeko helburuz. 

Esperientzia «polita» izan dela aipatu dute ikasleek eta emaitza ikusita «harro» daudela esan. «Apustu bat izan da, eduki berria eta berritzailea behar du euskarak eta uste dugu film labur honek betetzen dituela baldintzak».

Gaizka Sarasuarekin batera, beste lau aktore profesionalek hartu dute parte grabazioan: Asier Hormazak, Miren Gojenolak, Silvia Larraurik eta Josu Iriartek.

Film laburraren proiektua «anbiziotsua» izan dela aipatu dute egileek eta abestiak eta dantzak hutsetik sortu dituztela. «Gustatuko litzaiguke abestiak musika ekoizle profesional batekin ekoiztea eta film laburra Euskal Herritik kanpora ere zabaltzea». Mondragon Unibertsitateko ikasleek esan dute ahalik eta proiektu profesionalena egiten saiatu direla. Publiko gaztearentzat musikalak egon badaude, baina helduentzako eskaintzan dagoen gabeziari erantzun nahi izan diote film laburraren egileek.

GAIZKA SARASUA  - Aktorea

«Beti gustatu izan zaizkit musikalak eta kantatzea atsegin dut»

Mikelen papera jokatu du Trabatutak film laburrean Gaizka Sarasua Sorondok (Villabona, 1995). Grabaketan izan duen esperientziaz aritu da.

Nola jaso zenuen Trabatutak film laburrean parte hartzeko gonbidapena?

La infiltrada filmean parte hartu nuen eta Trabatutak proiektuko ikasleetako bat filmaketan praktikak egiten ari zen. Orduan egin genuen harremana eta handik gutxira proposatu zidaten film laburrean parte hartzea.

Euskarazko lehen film labur musikala da. Zer suposatzen du zuretzat bertan parte hartzeak?

Oso motibagarria izan da niretzako. Film labur gehiago egin izan ditut baina musikal batean behin ere ez. Deigarria egiten zitzaidan eta berehala eman nien baiezkoa. Niretzat izugarrizko aukera izan da. Goazen! da niri bururatzen zaidan euskarazko musikal bakarra. Beste ikuspegi bat eman dezake musikal honek eta helduentzako ere egin daitezkeela erakutsi.

Kantuan aritu behar izatea ez da eragozpena izan zuretzat?

Ez. Beti gustatu izan zaizkit musikalak eta kantatzea ere atsegin dut. Nahiz eta ikaragarri ondo kantatu ez, erronka bezala ere hartu nuen eta gustura jardun dut. Kantu guztiak euskaraz dira eta ikasleek sortu dituzte. Artista hutsak dira.

Nola egin zenituzten aurre prestaketak?

Gidoia eta bertan agertzen diren kantuak pasa zizkiguten aurretik eta grabaketa lanak hasi aurretik, testu irakurketa egin genuen denok elkarrekin. Abestiak gure aldetik prestatu genituen etxean eta gero filmaketan laguntza handia jaso genuen ikasleen aldetik. Oso ondo joan zen guztia.

Film grabaketak noiz eta non egin zenituzten?

Maiatzaren  22tik 26ra egin genituen grabazio lanak. Bost egunetan. Mondragon Unibertsitateko estudio batean grabatu genituen kantuak, eta eszenak, berriz, han unibertsitatean bertan eta Bilbon.

Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatu dute lan taldea. Zer moduzkoa izan da beraiekin aritzea?

Ikasleak izateko lehenengo momentutik oso profesional aritu zirela iruditu zitzaidan. Ideiak oso garbi zeuzkaten eta ni aktore bezala oso eroso sentitu nintzen, beti agertu ziren prestu guk eroso lan egin genezan.

Maila handiko aktoreak izan dituzu alboan.

Bai. Maila handiko aktoreak dira guztiak eta aktore zerrenda ikusi nuenean, asko poztu nintzen. Ezagunak eta lankide ohi asko nituen tartean. Asier Hormaza ez beste guztiekin lan egina nintzen aurretik. Esperientzia polita da hain jende profesionalarekin lan egitea.

Sorkuntza prozesuko gastuak estali eta sortutako kantuei zabalkunde handiagoa ematea da crowfunding-aren helburua.

Bai. Kantuak estudio profesional batean grabatzeko aukera emango liguke dirua bilduko balitz. Aukera oso polita izango litzateke. Geroz eta ekarpen handiagoa lortu aukera gehiago izango ditugu gauza askoz gehiago eta profesionalagoak egiteko.

Zein beste proiektu dituzu esku artean?

Arantxa Echevarriaren La infiltrada filma grabatu dut eta udazkenean estreinatuko da. Kalte kolektiboan jarraitzen dut eta aurretik egindako fikzio lana luzatzeko sorkuntza prozesuan murgilduta gaude orain. Horrekin batera, bakarrizketetan ere banabil. Algaraka Goienan eta Primeran-en eskaini duten saioan parte hartu dut eta monologo bat ere badaukat, laburra, orain lantzen ari naizena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!