Olagarroaren festak edo pulpeiroak herritar asko gerturatzen ditu Erniobea kaleko 1. zenbakian dagoen Xiker tabernara, izan ere, olagarroa galiziar erara prestatzen dute, patata eta piperrautsarekin. «Galiziatik etortzen den gizon batek prestatzen du. Terrazan egiten du muntaia eta bertan kozinatzen du, bezeroen aurrean, platerak zuzenean mahairatuz».
Horrez gain, platerak, ogitartekoak eta anoak ere badituzte aukeran eta barran pintxo ugari dituzte. Asteburuetan, menua ere eskaintzen dute, baina txerrikumea, arkumea edota paella enkarguz eskatu behar da. Hala ere, bezeroen artean arrakasta gehien hanburgesek dutela diote, «maitasun handiarekin egiten baititugu eta oso ondo landuta daude, bertako produktuekin».
Villabonan ostegunetan izan ohi da pintxo pote eguna, baina Xiker tabernak eta haren inguruan dauden beste tabernek ostiraletan egiten dute. «Herriaren erdialdean daude taberna gehienak eta inguru horretan sortzen da giro gehien, horregatik erabaki genuen auzo honetako tabernek pintxo potea ostiraletan egitea». Asteburuari hasiera emateko modu onena hori dela uste dute Xikerreko arduradunek.
Terraza zabala dute, eta bereziki eguraldi onarekin jende ugari elkartzen da bertan. Hala ere, negurako prest izaten dute terraza berogailuak eta euriari aurre egiteko babeslekuak jartzen baitituzte. Kirolari amorratuak direla diote, eta partidu egunetan, telebista handi bat ere ateratzen dute. «Denera bost telebista ditugu, kanpoan bat jartzen dugu, baina barruan ditugun beste lauak ere elkar konektatuta egoten dira». Gainera, kirol eta talde ezberdinak babesten dituzte, esaterako, Billabonako Futbol Klub Elkartea edota Aiztondo Nesken Kirol Taldea.
- Helbidea. Erniobea kalea 1 (Amasa-Villabona)
- Telefono zenbakia. 943 69 40 01
- Instagram. @bar_xiker