Bi komun publiko jarri dituzte Villabonako kaleetan

Ataria 2024ko maiatzaren 29a

Erniobea kalean eta Arroako plazan jarri dituzte eta bihar arratsaldetik aurrera egongo dira martxan.

Erabilera mistoko eta mugikortasun murriztua duten pertsonentzat irisgarriak diren bi komun auto-garbigarri jarri ditu udalak Villabonako kaleetan. Hauen kanpoaldean hiru pertsonentzako pixatokiak egongo dira. Instalakuntza lanak amaituta, bihartik aurrera erabilgarri egongo dira. Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak aipatu duenez, azken urteetan herritarren eskaera nagusienetako bat izan denari, «erantzun positiboa» eman diote orain.

Erniobea kalean Osasun etxetik gertu eta Arroa auzoko plazan Fleming herri eskolaren alboan jarri dituzte bi komun publikoak. «Kokapen hauek ez dira kasualitatez aukeratu, hirigintzako irizpide teknikoetan oinarrituta baizik. Besteak beste, herritarren joan-etorriak kontuan hartu dira, komun publikoek erabilera izan dezaten», esan du alkateak. Etorkizunean Erreboteko plazan beste komun publiko bat jartzeko asmoa dutela gaineratu du.

Doakoa izango da komunen erabilera. Kanpoaldean koloretako argiak dituzte komuna libre, okupatuta edota automatikoki garbitzen ari den adierazteko eta hauen erabilera, gehienez ere, 15 minutukoa izango da. Xabat Laborde alkateordeak aipatu du, auto-garbigarria izanik eserlekua, komunaren barrualdea, lurra eta kanpoko pixatokiak garbitu eta desinfektatzeko sistema automatizatua dutela komunek. «Dena den, udalak, astean behin, beharrezkotzat jotzen dituen garbiketa lanak egingo ditu, komunak egoera txukunean mantentzeko».

Inbertsio «garrantzitsua» egin du udalak komun publikoetan Labordek azpimarratu duenez. 106.653 euro erabili dituzte bi komun publikoak eraikitzen. Proyectos e Instalacion de material urbano S.A.U. enpresa arduratu da komunen horniduraz eta instalazioaz. «Zimentazioko lanak, aldiz, udal brigadako langileek egin dituzte».

Amaitzeko, komun berri hauek errespetatzeko eta zaintzeko eskaera egin die herritarrei alkateordeak. «Guztiok erabili nahi baditugu, baldintza higieneko egokietan mantendu behar dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!