Remi Ayestaranen monolitoaren aurrean, Onddo Gazte Asanbladako kideek eta Xuhar Herri Plataformako kideek bat egin dute «indarkeria polizialaren salaketa» egiteko. Horretarako, Villabonako toki esanguratsua aukeratu dute: Remi Ayestaranen monolitoa. Bertan, salaketa egiteko agerraldiaz egitearekin batera, musikarako tartea ere izan da.
15 urteren buruan
Xuhar Herri Plataformak Tolosako Inauterietako pilotakadaren auziak 15 urtez atzera egitea bultzatu dituela aitortu dute: «Otsailaren 12 goizaldean Tolosako Soldadu kalean gertatutakoak 15 urte atzera eginarazi zigun, herri honek bizitu zuen amets gaiztoa berriro ere gurera ekarriaz». Honela, eredu poliziala salatu dute jarraian: «Tolosako gertakariak eredu polizial honen erakusle besterik ez dira, urteak joan eta urteak etorri, lesio larriak eta erailketak tarteko, herritarrentzat arrisku den polizia eredu anakronikoa geratu da agerian».
Eusko Jaurlaritzaren jarrerari kontra egiten jarraitu dute herri plataformako kideek: «Azken asteotan are ageriago geratzen ari da Jaurlaritzaren estrategia. Xuhar zerbaiten errudun kokatu nahi dute. Ertzaintza esku-hartze polizial neurrigabe bat gauzatzen ari zen momentuan, bertan egotearen errudun?». Are gehiago, Xuhar biktima izaeratik bestelako tratua jasotzen ari dela adierazi dute: «Xuhar ikerketa honetan kaltetu izaerarekin ari da parte hartzen eta ez ikertu gisan».
Honela, «indarkeria poliziala jasandako biktima guztiak» izan dituzte gogoan, eta bereziki, «Remi Ayestaran eta bere senideak».
Onddo asanbladaren babesa
Jarraian, Onddo Gazte Asanbladaren errebindikazioaren tartea izan da. Ildo berdinari jarraitu diote, hau da, Remi eta Xuhar gogoan izateari: «Denbora aurrera doa baina estamentu batzuk ez dira aldatu. Duela 15 urte herria bortizkeriaz hartu zutenak dira orain Xuhar zauritu dutenak». Jarraian, Villabona herriaren konpromisoa berretsi nahi izan dute indarkeria polizialaren kontra eta gogoratu dute «Remiren memoria bizirik» mantenduko dutela aurrerantzean ere.
Ekitaldia musikarekin hasi eta bukatu da. Eta txalo zaparradak ez dira falta izan. Gazte askok soinean Denok gorroto deu polizia lelodun kamisetak; unean bertan salgai zeuden.
Festarako tartea
Ezin ahaztu errebindikazioez gain festa eguna dutela Villabonan; Gazte Eguna ari dira ospatzen Onddo Gazte Asanbladak antolatuta. Eta honela, goizean karro poteoa eta jolasak izan dituzten bezala. Eguerdian bazkaria izango dute Errebote plazan eta ondoren festarako tartea izango dute: Kilmak, DJ Bullekin poteoa eta iluntzean Habi, Des-kontrol, Kontralde eta DJ sorpresa izango baitira.