Energiaren erabileraz aritu dira Amasa-Villabonako ikasleak

Ataria 2024ko mai. 16a, 10:24

Tolosaldeko Agenda 2030 proiektuaren barruan ikastetxeek euren ekarpena egin dute eta ekintzak garatu dituzte astearte eta asteazkenean.

Amasa-Villabonako ikastetxeetako ikasleek garapen jasangarriaren inguruko lanketa ezberdinak egin dituzte azken egunetan. Horrela, hainbat ekintza antolatu dituzte herritarrentzat, energiaren erabileraren inguruko kontzientzia sortzeko.

Egitarau hau Tolosaldeko Agenda 2030 proiektuaren barruan garatu da eta ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egin du. Maiatzaren 14an eta 15ean eraman dute aurrera ikasleek ekintza-plana. Astearte goizean Zubimusuko LHko ikasleek, herrian oinez ibiltzearen aldeko kanpaina egin zuten herrian zehar esku-orriak banatuz.

Asteazkenean, berriz, 10:00etan Erniobeakoek eurek aurretik sortutako kartelen erakusketa burutu zuten Villabonako Berdura Plazan. Bertan, energiaren inguruko gai ezberdinen kartelen erakusketa egin zuten. Flemingeko ikasleek ere energia xahuketaren inguruko kartelak sortu dituzte ingurukoak gaiaz sentsibilizatzeko helburuarekin. Ondoren, audio-tutorial bat sortu eta QR bidez karteletan txertatu dute. Hauek, Erniobeakoekin batera goizean zehar burutu zuten erakusketa. Gainera, Ibilian ekimeneko partaideek Energia, bizitzaren motorra erakusketa bisitatu ahal izan zuten asteazkenean.

Azkenik, maiatzaren 15ean, arratsaldez, hitzaldi bat antolatu zuten herriko Gurea Zineman. Bertan, Zubimusuko DBHko ikasleek «energia aurrezteko gakoen» inguruan hitz egin zuten. Hortaz gain, ENHERKOM Hernaniko komunitate energetikoko kideek euren esperientzia azaldu zuten eta antolatzaileen esanetan «oso interesgarria» izan zen.

Antolatzaileek parte hartzaile guztiei eskerrak eman dizkiete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!