Villabonako Gazte Eguna aurreratuta eta indartuta dator

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 16a, 11:58

Santio jaietako Gazte Eguna osatzera dator larunbatean egingo duten festa; egun osoko egitaraua antolatzeko ardura hartu du Onddo gazte asanbladak.

Villabonako Santio jaien barruan antolatzen den Gazte Eguna, aurten, igande edo astelehenarekin egokituko da. Aurreikuspenen arabera, gaueko kontzertuan ez da hainbeste jende bilduko eta hori ikusita, talde entzutetsuekin antolatzen den emanaldia aurreratzeko proposamena egin zuen udalak festa batzordean. Onddo gazte asanbladako kideek planteamenduari heldu eta Gazte Eguna antolatu dute etzirako.

Gazte asanbladak maiatzean ospatzen du bere urtemuga, eta aurretik ere, Onddo Rock jaialdia antolatu izan du urte sasoi honetan. Beraz, sinergiak aprobetxatu eta ospakizun guztiak bakar batean bildu nahi izan ditu. Udalak babestuko ditu gaueko kontzertuak, eta gazteek egun osoko egitaraua osatu dute larunbaterako. Asanbladako kideek herriko gazteak elkartzeko abagune bezala ikusten dute Gazte Eguna: «Gaztetxearen ateak irekita daudela eta politizatzeko gune bat topatuko dutela esan nahi diegu oraindik gerturatu ez direnei» .

Hain zuzen, horregatik, kontzientziazio horretan sakontzeko erabaki dute Remiren omenezko monolitoaren aldamenean egingo den ekitaldian hitza ematea Xuhar Herri Plataformari. «Gure herrian indarkeria polizialak arrasto handia utzi du azkenaldian, bai fisikoki baita emozionalki ere. Inauterietan zauritutako gaztea, gainera, asanbladako kidea da eta iruditzen zitzaigun egoera salatzeko baliatu behar zela eguerdiko ekitaldia». Xuhar Pazosek berak ere kideek adierazi dioten babesa eskertu nahi izan du.

BAZKARI JENDETSUA

Karro poteoarekin eta jolasekin abiatuko dute etziko eguna eta ekitaldiaren ostean, Errebote plazan jarriko duten karpan bazkalduko dute gazteek. 330 pertsonak eman dute izena eta Irurako Ostatukoek prestatuko dute otordurako paella. «Kuadrillaka eman dugu izena bazkarian eta ardurak ere modu horretara banatuko ditugu. Karpa barruan jarriko den barrarako txandak ere geure artean banatuko ditugu», esan dute gazte asanbladako kideek. Modu autogestionatuan ariko dira eguna antolatzen.

Musikak hartuko du larunbateko egitarauaren zati garrantzitsu bat eta gazte asanblako kideek irizpide ezberdinak kontuan hartuta gonbidatu dituzte taldeak Villabonara. Bazkalostean, esate baterako, Ki.imak taldea ariko da plazako karpan. «Aurretik ere egonak dira gure herrian eta berriro gonbidatu nahi izan ditugu. Disko bat ateratzekotan dira eta eskertuta agertu zaizkigu hemen jo ahal izateagatik eta gu pozik laguntzatxoa eskaini diezaiekegulako».

Antzuolako bikotearen saioa bukatu ondoren herrian zehar ibiliko dira poteoan DJ Bullekin. 21:00etan itzuliko dira berriro karpara eta orduan hasiko dira kontzertuak. Villabona bertako Yeray Gascon eta Jon Ander Artolak osatzen duten Habi taldeak abiatuko du gaua. Kontralde eta Des-kontrol taldeekin segi, eta gaua, DJ sorpresa batekin amaituko dute.

Gazte Egunak asanblada indartzeko balioko duela uste dute gaur egun bertan ibiltzen diren gazteek. «Bolada bat izan da apalagoa baina belaunaldi berriak sartu gara eta indartsu gatoz. Larunbatekoa izango da horren erakusgarri», esan dute gaztetxean azkeneko prestaketak egiten dabiltzan gazteek.

  • Maiatzak 18, larunbata
    • 12:03. Karro poteoa eta jolasak.
    • 13:12. Ekitaldia Remiren monolitoan.
    • 14:01. Bazkaria plazan.
    • 15:30. Ki.imak taldearen emanaldia.
    • 18:00. DJ Bullekin poteoa.
    • 21:00. Kontzertuak: Habi, Kontralde, Des-kontrol eta DJ Sorpresa. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!