Gaztelekuak 12 urtetik beherakoentzat zerbitzua eskainiko du

Ataria 2024ko mai. 9a, 17:00

Atzo Haur Txokoaren inaugurazio ekitaldia egin zuten eta bihar egingo dute 12 eta 17 urte artekoentzat irekiera festa.

Amasa-Villabonako gaztelekuak garai berri bat zabaldu du. Ongietorria egiteko festa egin zuten asteazkenean, 8 eta 12 urteko gazteekin. Izan ere, hemendik aurrera, Haur Txoko zerbitzua ere izango du Katea gaztelekuak. Adin horretako umeentzat asteazken eta ostegunetan egongo da irekita, 17:00etatik 19:00etara.

Kristina Artola gaztelekuko koordinatzaile eta hezitzaileak azaldu duenez, lehenengo aldia da 12 urtetik beherako umeei parte hartzeko aukera ematen zaiela. «Proiektu berria da eta pixkana egokitzen joango gara», esan du. Horrekin batera, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat ostiral, larunbat eta igandetan irekiko da Katea etxea, 17:00etatik 20:00etara.

Gaztelekuak eskainiko duen zerbitzua herriko gazte eta nerabeen beharrak eta interesak identifikatzeko gauzatu zen parte hartze prozesu baten bitartez diseinatu dute. Udalak eskerrak eman dizkie prozesu horretan parte hartu zuten haur, nerabe eta gurasoei.

2021etik itxita egon da zerbitzua eta orain zabaldu dute berriz. Gazteleua publikoa eta doakoa da, eta Amasa-Villabonako haur eta nerabeekin batera, Aiztondokoak ere bertara gerturatu daitezkeela nabarmendu du Artolak. «Momentuz ez dugu mugatu erabiltzaile kopurua».

Zerbitzu publiko hau kudeatzeko Loiri enpresa kontratatu du udalak eta bertan aritzen da Artola billabonatarra. Berekin batera, beste bi hezitzaile ere arituko dira gaztelekuan eta txandaka antolatuko dute beren lan jarduna. «Uneoro bi hezitzaile egoten saiatuko gara, baina beharren arabera moldatzen joango gara. Gu hemen akonpainamendua egiteko gaude, baina protagonistak haur eta gazteak dira. Haiena da ekimena», esan du Artolak.

Aisialdi euskaldun, parte hartzaile eta komunitarioa bultzatu nahi dute hezitzaileek. Hilero asanbladak egingo dituzte haur eta gazteekin eta elkarrekin erabakiko dituzte aurrera begirako ekintzak. «Guretzat garrantzitsua da umeek txikitatik parte hartzearen kultura barneratzea, iritzia ematen jakitea eta harremantzen ikastea».

Horretarako ekimen nagusiak gaztelekuan egingo dituzte baina irteerak eta bestelako ekintzak ere prestatuko dituzte datozen hilabeteetarako. Ekaina erdialdera arte egongo da  zerbitzua martxan eta irailean itzuliko dira, udako oporraldiaren ostean. Bien bitarteko aste hauek elkar ezagutzarako baliatuko dituzte hezitzaileek eta gaztelekuan parte hartuko duten gaztetxoek.

Ostiralean egingo dute 12 eta17 urte bitartekoentzat gaztelekuaren irekiera festa, 17:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!