ELKARRIZKETA

«Tendentzia berriak jarraitzen ditut betiko zaporeak alboratu gabe»

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 11a, 07:59

Jessica Ramirez berak prestatutako tartarekin, Villabonan. J.M.

Lau urte daramatza Jessica Ramirezek Villabonan bizitzen eta dekorazio handiko tartak egiten ditu enkarguz; gozogintzan ikasten jarraitzeko asmoa du.

Gizarte komunikazio eta kazetaritza ikasketak egin zituen eta nabari da hizketarako arazorik ez duela. Jendearekiko tratua gustatzen zaio Jessica Ramirezi (Cali, Kolonbia, 1991) eta ikasitako guztia bere ibilbide profesionalean baliagarria izan zaiola dio. Orain, gozogintzan jarriak ditu bere indar guztiak eta JC markarekin era guztietako postreak egiten ditu. Lau urte daramatza Villabonan eta gaztelaniaz erantzun die galderei, baina iragarri du beste lau urtetan gutxieneko elkarrizketa bat mantentzeko adina euskara jakingo duela.

Nola definitzen duzu zuk egiten duzun gozogintza?

Artisau erara aritzen naiz. Ez zaizkit jaki prozesatuak gustatzen. Prestatu eta momentuan jateko moduko postreak prestatzen ditut. Merkataritza zentro handietan saltzen dituzten gozo horiekin ezin dut lehian aritu, nik naturalagoak diren gozoak egiten ditut, elaborazio handikoak. Kontu eta maitasun handiarekin egiten dut postreetako bakoitza, nire eskuekin.

Gozogile bezala zein ibilbide izan duzu?

Kolonbian nengoela hasi nintzen. Seme zaharrenak, umea zela, krokodilo formako pastel bat egin niezaion eskatu zidan. Gozoa atera zen eta asko gustatu zitzaion. Garai hartan komertzial gisa aritzen nintzen beste lan batean, eta tarteka baino ez nituen postreak egiten. Gero, lanik gabe geratu eta jendea pastelen eskean hasi zitzaidan, batez ere, sare sozialen bitartez. Zenbait ikastaro egin nituen gozogintzan sakontzeko eta horrela hasi nintzen pixkana. Orduan konturatu nintzen gozogintza dela nire benetako pasioa.



Euskal Herrian ere jarraitu duzu lanbidearekin.

Bai. Nik ama hemen bizi nuen Villabonan eta 2020ko martxoan oporretara etorri ginen senarra eta biok, seme zaharrenarekin, eta haurdun, hiru hilabeteko nengoela. Pandemiak harrapatu gintuen eta hasiera batean oporretarako asmoa zena, bizimodu berri bati ekiteko aitzakia bihurtu zen. Haurdunaldian osasun arta jasotzeko hemen erroldatu nintzen eta abuztuan jaio zen semea. Udala gurekin oso ondo portatu zen eta herritarrek laguntza handia eman ziguten. Aukera bat zabaldu eta Euskal Herrian bide berri bat abiatu genezakeela pentsatu genuen.

Zer-nolako gozoak prestatzen dituzu?

Kolonbiako ogia egiten dut, hemengoaren aldean nahikoa ezberdina dena. Galletak, brownieak, tartak eta bestelako gozoak prestatzen ditut. Saiatzen naiz aldiro-aldiro berrikuntzak egiten eta probatzera ematen. Instagrameko nire kontutik zozketak antolatzen ditut eta saridunei postre berriak oparitzen dizkiet. Gustuko baldin badituzte nire eskaintzaren barruan sartzen dut gozo hori. Saiatzen naiz etengabe burua martxan edukitzen.

Tartak al dira zure espezialitatea?

Bai. Soilik chantilly krema lantzen dut, ez zait tartak foundant azukre-ore horrekin estaltzea gustatzen. Hemengo jendeari iruditzen zaio chantillyak ez duela zapore handirik. Nik egiten dudana, ordea, oso gozoa da, esne begetalarekin lantzen baitut eta baduelako banilla gustua. Suabea da, baina zaporetsua. Gainera, chantillyarekin tarten dekorazioa finagoa geratzen dela iruditzen zait eta aukera ematen dit detaile txikiak lantzeko. Gero lore naturalekin eta eskatzen dizkidaten bestelako elementuekin apaintzen dut tarta. Tendentzia berriak jarraitzen ditut, baina zapore tradizionalak albo batera utzi gabe.

Denbora handia behar duzu tarta bakoitza egiteko?

Bost eguneko aurrerapenarekin jasotzen ditut eskaerak, tarta bakoitza egiteak denbora asko eskatzen duelako. Bizkotxoa gutxienez 12 orduz jalkitzen utzi behar izaten da eta 24 ordutan utziz gero, are hobeto. Barruan krema ezberdinak jartzen dizkiot bizkotxoari eta horiek ere neuk egiten ditut, izan esne gozokia edo fruitu ezberdinetako marmeladak. Bizkotxo horietako batzuk esnetan bustita prestatzen ditut eta horrek ere denbora eskatzen du, hezea egon bai, baina jaterakoan birrindu ez dadin. Gero chantillyarekin estaltzen dut tarta eta hor beste pare bat ordu eman ditzaket, begi-belarri, guztia ezin hobeto gera dadin.



Zein abilidade eskatzen du zure lanak?

Arreta handia eskatzen du. Tartak diseinatzerako orduan detaile guztiak zaindu behar dira. Chantillya krema delikatua da eta ikasi egin behar da nola landu. Dena den, niri prozesu guztia gustatzen zait, hasieratik bukaerara. Atsegin dut sukaldean aritzea. Etxean badut txoko bat gozogintzan aritzeko eta ondo moldatzen naiz. Pixkana ikasten joan naiz. Lehen negar egiten nuen prestatzen nuen tarta bakoitzeko. Ateratzen ez zitzaidalako frustratu egiten nintzen. Orain, ondo ateratzen ez bazait berriro saiatu, eta nik nahi bezala geratu arte, ez dut etsitzen. Dena den, bezero bakoitzarekin hasierako urduritasun bera sentitzen dut oraindik ere, eta iraun dezala luzaroan, urduritasun horrek bultzatzen bainau aurrera egiten nire pasioarekin.

Zer-nolako eskaerak jasotzen dituzu?

Batez ere, ezkontza, bataio, jaunartze eta urtebetetze festetarakoak prestatzen ditut. Jendearen proposamenak jasotzen ditut eta ideiak ere bai. Asko etortzen zaizkit argazki batekin edo irudi batekin eta hortik hasten naiz tarta pentsatzen. Umeentzako eta, panpinak eta modako marrazki bizidunetako pertsonaiak lantzen ditut. Helduek, berriz, bestelako motiboak eskatzen dituzte, modako kantarien leloak eta horrelakoak. Badirudi txikitan ospatu ez zuten hori ospatu nahi izaten dutela orain heldutan. Gero futbolak ere tiradizo handia izaten du eta Realaren inguruko tarta bat baino gehiago egin izan dut. Arrakasta handia dute horrelakoek.

Zein da jaso duzun eskaera bitxiena?

Duela gutxi, neska batek sexuaz asko hitz egiten zuen lagun batentzat tarta berezi bat eskatu zidan zakiltxoez beteta. Hori izango zen bitxiena.

Beste hainbat herrialdetan tradizio handiagoa du gisa honetako gozogintzak?

Bai, Latinoamerikan adibidez, ohitura handiagoa dago, batez ere, dekorazio bereziko tartak erosteko. Euskal Herrian nagoenetik, era guztietakoa izan da gerturatu izan zaidan publikoa; latindarrak asko, baina jatorriz bertakoak direnak ere bai. Zapore diferenteko postreak dira eta gustukoa egiten zaie bestelako gauza batzuk probatzea. Ez dut sumatzen hemengo jendea itxia denik. Kontuan hartu behar da, nire tarten dekorazioa ere ezberdina dela; hemengo pastelak sinpleagoak dira, soil samarrak, eta nik egiten ditudanak beti dira ikusgarriak. Astean, 8 edo 10 tarta egin ditzaket eta bolada batzuetan gehiago ere bai. Enamoratuen egunean, amaren egunean, edota bataio eta jaunartze garaietan eskaera gehiago jasotzen ditut.

Zenbateko prezioa dute zuk egiten dituzun tartek?

Zortzi bat anoako tarta batek, 35 euro inguru kostatzen ditu. 16 anoakoak, berriz, 55-60 euro artean kobratzen dut. Ez dira prezio oso altuak eta saiatzen naiz aukerako prezioak jartzen, denek ezin baitute gozotan diru asko gastatu.



Zein asmo duzu aurrera begira?

Duela zortzi hilabete Villabonako Kale Nagusian denda bat zabaldu dut. Latinoamerikako produktuak saltzen ditut. Denda zabaldu aurretik kafetegi bat zabaltzeko aukera aztertu nuen. Ez nuen lokal egokirik topatu eta hutsetik abiatzeko baliabide nahikorik ez nuen, baina hori da nire asmoa. Ekintzailea naiz eta nik neure burua hemendik urte batzuetara negozio batekin baino gehiagorekin irudikatzen dut. Denda mantendu, gozogintzako lantegi bat eta kafetegi edo okindegi bat zabaldu, eta ez dut baztertzen diseinuarekin loturiko beste zerbait irekitzea. Nik herria JC markarekin bete nahi dut.

Hori guztia Villabonan?

Bai. Gustuko dut herria eta bertako jendea atsegin dut. Oso harrera ona egin didate. Ezagutzen naute dagoeneko eta oso pozik nago. Bertako jendearen artean ere sare bat egiten ari naizela iruditzen zait. Eta nola hemen errotu naizen, pena sentitzen dut Villabonan denda bat ixten duten bakoitzean. Nahi dut jendea hemen geratu dadin beste herri batera joan beharrik izan gabe. Aldameneko merkatariekin harreman handia daukat, Kaoriko neskekin edota Gema loradendakoarekin. Kultura eta pentsatzeko modu oso diferenteak dauzkagu baina denak oso atseginak dira nirekin. Herria ere oso segurua da. Udalekoak ere alboan sentitu ditut, nitaz eta nire familiaz arduratu dira, bai alkatea eta baita Arantza Lopez gizarte zerbitzuetako zinegotzia. Maitagarria da eta beti eman dizkit animoak aurrera jarraitzeko.

 

«Villabonan ezagutzen naute dagoeneko eta oso pozik nago. Bertakoen artean ere sare bat egiten ari naiz»



Zein irakaspen jaso dituzu zure ibilbidean?

Asko eta gehiago ikasi nahi nuke. Aurrera begira formazioan sakondu nahi dut. Uztailean ekintzaileentzako kongresu batean parte hartuko dut. Hemendik gutxira Kale Nagusian dugun dendan senarra hasiko zait lanean eta ni gehiago zentratuko naiz gozogintzan. Uste dut borrokatuz gero norberaren ametsak betetzen direla. Horretarako pasioa eta lana behar dira, eta batez ere, zeure buruarengan sinestea. Zenbait lekutara nire asmoen berri ematera joan izan naizenetan ezinezko bezala marraztu izan didate aurkeztutako proiektua, edo esan izan didate amets hori martxan jartzeko diru kopuru handia beharko nukeela. Kasu egin izan banie, nire herrialdean bueltan nengoke dagoeneko. Hemen geratu naiz, herri honek merezi baitu apustua egitea, eta ni, oraingoz, ez naiz batere damutzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!