Txikitako ametsa egi bihurtu du Irati Santiago (Amasa-Villabona, 1991) ekoizleak, eta zine munduan guztiz murgilduta dabil billabonatarra. Salamancan (Espainia) eta Chicagon (AEB) burutu zituen ikasketak, eta Los Angelesen (AEB) igaro zituen bere ibilbide profesionaleko lehenengo urteak. Geroztik, film labur, pelikula, bideoklip, eta telebista programa ugari ekoitzi ditu, eta egun, FF & Films ekoiztetxearen sortzailea eta (H)emen elkarteko ordezkaria da.
Emakumezkoen historiak kontatzeko joera du Santiagok, «ikuspuntu feminista landuz». Oraingoan ere hori abiapuntu harturik ekoitziko du Lamiak izeneko filma. Eusko Jaurlaritzaren garapenerako laguntzarekin, FF & Films eta PuntoyAparte ekoiztetxeek filmatuko dute 2026an, Gipuzkoako eta Bizkaiko kostaldean. Santiagok zuzenduko du Estefania Salyers telebista eta zine gidoilari eta nobelistaren gidoian oinarritutako lana. Amatasuna, dolua, emakumearen rola eta naturaren zaintza izango ditu oinarri errealismo magikoko elementuak dituen fantasiazko drama honek.
Sinopsia
'Lamiak' fikziozko istorio bat da, naturaren eta gizakiaren eskalak orekatzeko izaki mitologikoak dauden unibertso alternatibo batean kokatuta dago. Euskal Herriko herri bateko lamia batzuek tratua egiten dute protagonistarekin. Giza bizitza bat jaioberriaren truke, erditzean hil zena. Gaur egungo garaietara guztiz egokitutako errealismo magikoaren istorio bat da.