Loatzoko Igoera-Jaitsiera, hogeita hamargarren aldiz

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 25a, 07:57

Loatzoko XXX. Igoera-Jaitsiera egingo da igandean, apirilak 28, 10:30ean hasita. Amasako Uxo-Toki elkarteak eta Martina Kultur Elkarteak antolatu dute mendi lasterketa.

«Aurtengo edizioak zenbaki biribila du. Dagoeneko badira urte batzuk antolatzen dena, eta ohiturari jarraituz aurten berriro antolatu dugu», esan du antolakuntzako kidea den Kepa Nazabalek. Aurrera begira ere antolatzeko asmoa dutela gaineratu du.

Probaren berezitasuna izen ematea doan dela eta egunean bertan egitean dela da, eta horrela mantendu dute aurten ere. 09:00etatik aurrera eman ahalko da Uxo-Toki elkartean. «Orain arte funtzionatu digun metodoa da, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu», esan du Nazabalek. Beraz, ez dakite zehazki zenbat parte hartzaile izango dituen probaren hasiera iritsi arte. «Korrika egiteko leku polita da, eta baita mendi lasterketa bat lehen aldiz probatzeko ere. Lehendik egina dutenek, jarraitu ohi dute parte hartzen».

Ibilbideak ere berean jarraitzen du. Amasatik atera eta Loatzo mendira igotzen da bide zuzen batetik, eta ondoren, «arriskurik gabeko» beste bide batetik jaisten da berriro Amasara. Guztira 9,73 kilometro ditu probak. «Hasieran badu brea zati bat ibilbideak, eta Alustizara iristeko bidezidor batetik igotzen da, marra zuzen bat marraztuko balitz bezala, eta ondoren belaze batetik sartu eta Loatzoko puntaraino bide zuzena da», azaldu du Nazabalek. «Jaitsiera batez ere pista batetik egiten da, modu erosoan egiteko modukoa».

SARIA AURRENEKO HIRUREI

Aurreneko hiru sailkatuei, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, saria ematen zaie. Lehenengoa 120 euro eta txapela, bigarrengoak 80 euro eta hirugarrengoak 50 euro. Horretaz aparte zozketa egiten da parte hartzaile guztien artean, hainbat produkturekin. «Hori dena eskaini ahal izatea babesle guztiei eskertu behar diegu, izen ematea doan delako», zehaztu du Nazabalek.

Lasterketaren beste berezitasun bat Loatzoko gainean hamaiketakoa eskaintzen dutela izaten da. «Jendea joaten da mendi buelta eginez, eta lasterkariei animatzen dien bitartean hamaiketakoa egiteko aukera izaten dute, salda eta haragi pintxoak janez. Loatzora joaten diren guztiek dute horretarako aukera». Proba amaitzerakoan ere hamaiketakoa dastatzeko aukera izaten da Amasan.

Boluntario lanetan Amasako gazteak elkartzen dira, Uxo-Toki elkarteko kideekin batera. «Ezinbestekoa da denen laguntza horrelako ekitaldiak aurrera ateratzeko. Azken finean, herri giroan sortutako proba bat da», esan du Nazabalek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!