‘Batetik bestera’ kontzertua igandean Gurean

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 18a, 11:58

Txorien migrazioa aitzakiatzat hartuta, eta musika lagun, giza migrazioari buruz ariko da Benetan be taldea, 17:00etatik aurrera

Benetan be teatro taldeak Batetik bestera izeneko kontzertua eskainiko du datorren igandean Villabonako Gurea aretoan, 17:00etatik aurrera. 2022ko urrian estreinatu zuen taldeak Batetik bestera antzezlana eta orduko hartarako sortu zituzten kantuetatik abiatuta sortu dute emanaldi berria.

«Kantu sorta hori ondu eta abesti berriekin disko bat grabatu genuen iazko udan, eta gero Durangoko Azokan aurkeztu genuen. Orain herriz herri gabiltza diskoan bildutako kantuak eskaintzen», esan du Patricia Urrutia aktore eta musikariak.

Urrutiarekin batera, Josu Aginaga gitarra jotzaileak eta Andres Letamendia bateria jotzaileak parte hartzen dute emanaldian. Urrutiak sortu ditu doinu eta kantuak eta ondoren partekatu ditu taldekideekin. Diskorako prestatu dituzten kantu guztiak izango dira entzungai igandean.
Antzezlanean egin zuten bezala, kontzertuan ere, txorien migrazioa hartu dute abiapuntutzat kantuak sortzeko. «Modu horretara naturaren ezagutza, babesa eta maitasuna landu nahi ditugu», esan du Urrutiak. Bide batez, txorien migrazioarekin batera, giza migrazioaz hausnarketa bultzatu nahi dute publikoaren artean.

Haur nahiz helduentzako kontzertua da igandekoa eta Urrutiak nabarmendu du orain arte eskaini dituzten saioetan ikusleek aktiboki parte hartu izan dutela. Elkartasuna, elkarbizitza eta kulturartekotasuna bezalako balioak zabaltzeko abagunea eskainiko du Batetik bestera kontzertuak eta bertan parte hatzera deitu dituzte eskualdeko herritarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!