ELKARRIZKETA

«Gaitasun komunitarioa aktibatuko dugu»

Ataria 2024ko api. 17a, 07:58

Amasa-Villabonan zinegotzi izan da azken bi legealditan eta herrigintzako ekimen askotan parte hartu du; besteak beste, Tolosaldeko Harituz bertsozale elkarguneko kidea da.

Mondragon Unibertsitatearen Galarretako EKO Campuseko energiaren ingeniaritza graduaren sorreran parte hartu zuen eta Ander Goikoetxea Aranak (Amasa-Villabona, 1983) irakasle eta ikerlari bezala jardun du bertan, orain arte. Aitortu du bere ibilbide profesionala baloratzen duela eta kosta egin zaiola bere jardunetik, tarte baterako behintzat, apartatu eta politikagintza profesionalera salto egiteko eskaintzari baiezkoa ematea. EH Bilduren proiektuaren parte sentitzen denez, eta «gauzak aldatzeko» bere komunitate politikoan ilusioa sumatzen duenez, baiezkoa eman eta erronkari heltzea erabaki du.

Behin Trantsizio energetikorako eta Klima Aldaketarako Legea onartuta, zein urrats proposatzen dituzue legealdi berrirako?

Energia kontsumoa murriztu behar dugu, nabarmen, eta hori egiten dugun bitartean behar dugun energia bertan eta modu jasangarri batean sortzeko baliabideak garatu behar ditugu. Energetikoki zulo beltz bat gara, gaur egun. Ez dugu sortzen kontsumitzen dugun energiaren %10 ere, eta gehiena gas zentralen bidez sortzen dugu. Bide orri bat proposatzen dugu EH Bildutik. Hainbat kontsumoren elektrifikazioaren alde egingo dugu, horrek efizientzia hobetzea eta kontsumoa murriztea dakarrelako. Gure erronka, 2045erako %100 berriztagarria den energia sistema batera heltzea da.

Tartean gure eskualdean proposatu diren parke eolikoen proiektuak babestuko dituzue gobernura iritsiz gero?

Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala garatzea beharrezkoa ikusten dugu, eta bertan, argi dugu babesturiko natura eremuak eta nekazaritzarako interes berezia dutenak salbuetsi beharko direla. Proiektu horiei dagokionez, udalek plan sektorialari jarri dizkieten helegiteak aztertuko ditugu. Guk egiten dugun irakurketa da energia instalazio berri horiek inpaktu positiboa eduki behar dutela ezartzen diren tokietan. Kontua da, beraz, nola sortzen den eta nola banatzen den energia. Orain arte multinazionalen esku egon da sektorea eta haiek eraman dituzte etekinak. Guk Energiaren Euskal Erakundea, energia berriztagarrien euskal erakunde bilakatzea proposatuko dugu, erakunde horren bidez energia berriztagarrien azpiegituren jabetza tokiko enpresa eta herritarren esku gera dadin. 

Zein proposamen luzatzen duzue Osakidetzarako?

Lehen arretan jarri nahi dugu lehentasuna, gaixoari jarraipen egokia egin eta prebentzioan indarra jartzen denean nabarmen gutxitzen baita heriotza tasa. Horregatik lehen arretako plantilla %10 handitzea da gure helburua. Aldi berean, ESIen barruan lehen arretak autonomia handiagoa izatea bultzatuko dugu. Gure ustez, gertuko arta horretan integratu behar dira baita ere fisioterapeutak, psikologoak, podologoak edota dentistak. Eta Tolosaldeari begiratuta, noski, baliabide guztiak jarriko ditugu bertako herritarrak bigarren mailako zerbitzu bat jasotzeari utzi, eta haien beharretara egokitutako osasun azpiegitura publiko eta kalitatezko bat jaso dezaten.

Ertzaintzaren eredua aldatu behar dela diozue. Zein norabidetan?

Ezin dena da gure ilobak edo seme-alabak Tolosako inauterietara joan eta begi bat galduta etorriko direnaren beldurrez egotea, poliziak eraso dielako. Uste dut, azkeneko gertakariek erakusten dutela Ertzaintzarren aldetik biolentziaren erabilera neurrigabe bat dagoela, kasu askotan. Arduratzekoa da. Uste dut polizia eredu honen inguruan eztabaidatu behar dugula eta hastera doan legealdia dela horretarako une egokia.

Zein hizkuntza politika defendatuko du EH Bilduk legebiltzarrean?

Hizkuntza eskubideak bermatu behar zaizkigu euskaldunoi. Euskal Herrian euskara ikasteak doakoa izan behar du eta hori bermatuko dugu gobernura iritsiz gero. Kulturari dagokionez, euskarazko kultur sorkuntza lehenetsi eta bultzatuko dugu, dauden lerroak indartu eta inbertsioak handituz.

Apirilaren 22an zer egingo du EH Bilduk, bezperan lehen indar izatea lortzen badu?

Igandean seguruenik inork ez du gehiengo osorik izango eta ezin izango du %100 bere programa garatu. Herri honek dituen beharren arabera, elkar ulertzeak bilatzea espero dugu. EH Bildutik, hurrengo legealdian, herri honen gaitasun komunitarioa aktibatuko dugu, eta ez bakarrik herri eragileekin, gainerako alderdiekin ere bultzatuko dugu gobernantza kooperatiboa. Beste esparru batzuetan naturaltasunez egiten diren akordioak EAEn egin daitezkeela uste dugu. Lehen indarra bagara apirilaren 22an guri tokatuko zaigu gobernu akordioak bilatzea eta hitz egingo dugu EAJrekin, PSE-EErekin eta ezker konfederalarekin. Hori, hala ere, hauteskundeen biharamunean ikusiko dugu. Gu lasai gaude ikusten baitugu, herritarrengandik gertuko politika egiten dugunean, herritarrek saritu egiten gaituztela. EH Bildu probatzen duenak errepikatu egiten du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!