'Euskaraz bizi gaitezke' ahalduntze tailerraren saio berriak, Amasa-Villabonan

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 15a, 15:00
Pasa den urteko ahalduntze tailer bateko irudia. ATARIA

Euskaraz bizitzeko topatzen diren zailtasunei aurre nola egin landuko dute doako tailer horretan. Apirilaren 24tik ekainaren 19ra bitarte izango dira saioak, hamabostean behin, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara.

Beste urte batez, Euskaraz bizi gaitezke izeneko euskaldunen ahalduntze tailerra jarriko du martxan Galtzaundi Euskara Taldeak. Doako tailer horretan izena ematen duenak euskaraz bizitzeko topatzen dituen zailtasunei aurre nola egin landuko du. «Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugun askok hainbat zailtasunekin egiten dugu topo egunerokoan. Zailtasun horietako bat da besteak euskaraz ez ulertzea, edo elkarrizketa bat izateko zailtasunak izatea. Halere, gazteleraz hitz egiten dugu kasu askotan, eta euskaraz egin genezake, berez. Kontua da gaizki sentitzen garela hori egiten dugunean, edo besteak zer pentsatuko duen kezka izaten dugula; eta estres linguistikoa izaten dugula».

Laugarren urtez jarraian antolatu dute ikastaroa, eta aurten, Amasa-Villabonan izango dira saioak, apirilaren 24tik ekainaren 19ra bitarte. Hamabostean behin elkartuko dira, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta guztira bost hitzordu izango dira –apirilaren 24an, maiatzaren 8an eta 22an, eta ekainaren 5ean eta 19an–. «Aurreko hiru urteetan ere martxan jarritako ahalduntze taldeetan frogatu da posible dela euskaraz gehiago egitea eta, aldi berean, gaizki ez sentitzea. Norbere barruak mugitzen direnean, zergatik mugitzen diren jakiteak laguntzen du horretan, baina, batez ere, besteekin batera prozesu hori egitea da gakoa. Hori landuko da saioetan».

Saioek bi zati izango dituzte, bata praktikoa, eta bestea teorikoagoa. «Batetik, norberak euskaraz bakarrik bizitzeko dituen zailtasunak kontatuko ditu modu informalean, eta erronda horretan, partaideen arteko interakzioaren bidez, norberak gertatzen zaiona hobeto ulertuko du. Bestetik, ditugun zailtasunen arrazoiak landuko dira: politikoak, psikologikoak, emozionalak, estrukturalak… horiek zergatik gertatzen diren eta egoera horien aurrean nola jokatu daitekeen azalduko da», esan dute antolatzaileek.

Tailerrean parte hartzeko galdetegi bat bete behar da, eta argibide gehiago nahi dituenak 943 65 50 04 zenbakira dei dezake edo galtzaundi@galtzaundi.eus helbidera idatzi. Galtzaundiren bulegoan ere informazio eskuratu daiteke, baita izena eman ere. Izena emateko azken eguna apirilaren 19a, ostirala, izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!