Billabona FKEren infantil txiki taldea, Realaren nazioarteko txapelketan

Ataria 2024ko martxoaren 26a

Txapelketaren azken fasea jokatuko dute Zubietan, larunbatetik astelehenera, aurreko bi sailkatze faseetan txapeldun atera ondoren.

Bizipen handia izango da Billabona FKE klubeko infantil txiki taldearen futbolarientzat. Realaren nazioarteko txapelketaren azken fasean parte hartuko dute. Zubietan jokatuko da fase hori eta larunbatetik astelehenera bitarte izango da. Zortzi talde ariko dira lehian, lau taldeko bi multzotan. Billabona FKEren multzoan Las Palmas, Roma eta Reala daude, eta beste multzoan Real Madril, Celta de Vigo, Osasuna eta Valvanera.

Sailkapen fasean Realarekin hitzarmena duten klub guztiek parte hartu dute, eta hortik bi talde bakarrik sailkatu dira azken faserako: Errioxako Valvanera C.D. eta Billabona FKE. «Gurea bezalako klub txiki batentzako arrakasta handia da horraino iristea», azaldu dute Billabona FKEtik.

Bi sailkatze fase jokatu zituzten Billabonakoek, eta biak irabazi. Lehenengoan aurkariak Beti Gazte, Arin Luzein, Hernani eta San Marcial izan zituzten, eta bigarren fasean Hondarribi, Anaitasuna eta Beti Ona.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!