Aizkardi Mendi Martxa arrakastatsua

Leyre Carrasco 2024ko mar. 24a, 15:05

55. Aizkardi Mendi Martxa egin dute, goizean, Villabona inguruko mendietan. Guztira, 1.266 mendizale batu dira eta ibilaldi luzea edo laburra egiteko aukera izan dute.

Aizkardi elkarteak urtero antolatzen duen mendi ibilaldia egin dute goizean eta 1.266 mendizale animatu dira bertara. Eguraldia alde izan dute aurtengoan ere, eta giro onean murgildu dira Villabona inguruko mendien barrena. Urtero moduan, bi ibilbide prestatu dituzte. Batetik, luzea, 43 kilometrokoa, 2.600 metroko desnibel positiboarekin, eta bestetik, motza, 23 kilometroarekin eta 1.100 metroko desnibel positiboarekin.

Ibilbi luzea egitera animatu direnak 06:30ean irten dira Villabonatik, eta Otsabi, Komizar, Belabieta, Urdelar, Ipuliño, Uli, Erroizpe, Uzturre eta Loatzotik igaro dira. Ibilbide motza egin dutenak, berriz, 08:00etan irten dira, eta Urdelar tontorrera arte, ibilbide luzeko bide bera egin behar izan dute. Ondoren, Villabonara jaitsi dira, Olantzako eta Urdausurbilgo bordetatik igaroz.

Helmugara iristean mendizaleek ibilbidea egin izanaren ziurtagiria jaso dute, eta indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa ere izan dute zain. Arratsaldean, 17:00etan mendiko materiala zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!