Aizkardiren 55. Mendi Martxa, igandean

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 21a, 11:58

Villabonako Aizkardi Mendi Elkarteak antolatuta, mendi martxa egingo dute igandean, martxoak 24. Urtero moduan, bi ibilbide prestatu dituzte; batetik, luzea, 43 kilometrokoa, eta bestetik, laburra, 23 kilometrokoa.

Villabonako Aizkardi Mendi Elkarteak antolatuta, mendi martxa egingo dute igandean, martxoak 24, berrogeita hamabosgarren aldiz. Elkartetik adierazi dutenez, «ibilaldi herrikoia» da eta bi helburu izaten ditu: «mendizaletasuna bultzatzea eta Villabonako eta inguruko paraje eta lekuak ezagutaraztea, betiere natura erabat errespetatuz».

Urtero moduan, bi ibilbide prestatu dituzte. Batetik, luzea, 43 kilometrokoa, 2.600 metroko desnibel positiboarekin. Partaideak 06:30ean irtengo dira, Villabonatik, eta gehienez ere, 17:00etarako iritsi beharko dute. Ibilbide hau 23. Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuiturako baliagarria izango da, eta 14 urtetik gorakoek bakarrik egin ahal izango dute. Besteak beste, ondorengo puntuetatik igaroko dira: Otsabi, Komizar, Belabieta, Urdelar, Ipuliño, Uli, Erroizpe, Uzturre eta Loatzo.

Bestetik, ibilbide motza egiteko aukera egongo da. 23 kilometrokoa izango da, 1.100 metroko desnibel positiboarekin. Partaideak 08:00etan irtengo dira, eta gehienez ere, 14:30erako amaitu beharko dute. Urdelar tontorrera arte, ibilbide luzeko bide bera egin beharko dute. Ondoren, Villabonara jaitsiko dira, Olantzako eta Urdausurbilgo bordetatik igarota.

Irteera puntuan, txartel pertsonalizatua emango zaie parte-hartzaileei. Era mailakatuan emango zaio irteera mendi martxari; minutuko 50 partaide aterako dira gutxi gorabehera. Ondoren, partaideek derrigor igaro beharko dute ezarritako kontroletatik, eta martxa-txartela erakutsi beharko dute, zigilua jartzeko. Ibilbidean zehar erretiratzen direnek antolakuntzako kideei eman beharko diete txartela. Amaieraraino heltzen direnek, berriz, martxa kontroletatik igarota egin dutela erakutsiz gero, diploma bana jasoko dute. 17:00etan, gainera, mendiko materiala zozkatuko dute parte hartzaile guztien artean.

Zerbitzuei dagokienez, mendi elkarteak lokal bat prestatuko du koltxonetekin, bezperan bertan lo egin nahi dutenentzat. Kontsigna zerbitzua ere egongo da, eta ibilaldia amaitzean, Olaederra kiroldegian dutxatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Igandeko zeharkaldian parte hartzeko izen ematea zabalik dago oraindik. Doakoa da eta Aizkardi elkartera gerturatuta (gaur, 20:00etatik 21:30era) edo Zirkuitua.com webgunean egin daiteke. Informazio gehiagorako, 649 717 182 telefono zenbakira deitu (20:00-21:30) edo ibilaldia@aizkardi.com helbidera idatzi behar da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!