‘Etorkizun oparoko gaztea saria’ lortu dute Fleming eskolakoek

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 21a, 07:57

Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskolak bost urte daramatza First Lego League txapelketan parte hartzen eta, aurten, hirugarrenez irabazi dute aipatutako izendapena.

First Lego League txapelketako Etorkizun Oparoko Gaztea Saria irabazi dute, hirugarren aldiz, Amasa-Villabonako Fleming Herri Eskolako ikasleek. Arrasaten (Gipuzkoa) jokatu dute txapelketa eta orain arteko lehiakide kopuru handienak eman du izena: 171 taldetan banatuta 2.828 parte hartzaile aritu dira nor baino nor gehiago.

Fleming Herri Eskolako laugarren, bosgarren eta seigarren mailako ikasleak izan dira bertan, sei taldetan banatuta eta bakoitza bere proiektuarekin. Izan ere, txapelketan proiektu bana aurkeztu eta robot bat diseinatu behar izan dute ikasleek zenbait erronka gainditzeko.

Txapelketaren ardatza
First Lego League lau eta hamasei urte bitarteko gazteen artean zientziaren, teknologiaren, ingeniaritzaren eta matematikaren –STEM, ingelesezko siglengatik– ikaskuntza praktikoa sustatzen duen nazioarteko programa da.

Fleming ikastetxeko ordezkariek azaldu dute bertan parte hartzeak «lanketa handia» dakarrela: «Alderdi ugari hartzen ditu bere barruan, eta diziplina askotako ikaskuntza bultzatzen du. Gainera, esperientzia paregabea da talde lana sustatzeko». Txapelketarako prestatzeko hainbat esparrutan egin dute lan ikasleek: batetik, gaia aukeratu eta  proiektua garatu dute; bestetik, arlo teknologikoa landu dute robotak sortzeko eta programatzeko; eta, azkenik, jendaurreko aurkezpena jorratu dute lehiaketan proiektua azaltzeko.

Eskoleko arduradunen ustez «aurkezpen bikainak» egin dituzte talde guztiek: «Proiektu benetan interesgarriak landu dituzte eta primeran defendatu dituzte epaimahaiaren aurrean». Hari berari tiraka, zorionak eman dizkiete ikasle guztiei: «Zorionak egun horretan parte hartu duzuenei eta ez duzuenei ere; proiektua guztiena baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!