Herriko merkataritza sustatzeko asmoz, Merkataritzan ados! mahai ireki eta parte hartzailea sortzea erabaki du udalak, Oria merkatarien elkartearekin batera. Beatriz Unzue alkatearen esanetan, «mahai edo foro berri honek izango duen erronka nagusia, herriko merkataritza sustatzeko udal politika definitzea izango da». Horretarako, Villabonako Merkataritza Indarberritzeko Plan Berezia garatuko dute.
Merkataritzan ados! ekimenak izaera publikoa, irekia eta parte hartzailea izango duela esan du alkateak: «Mahai honetako protagonista nagusiak herriko merkatariak eta udal ordezkariak izango badira ere, ideia, iradokizunak eta proposamenak izan ditzaketen herritar edo bezero guztiek parte hartzeko aukera izango dute».
Aurten, 85.000 euro
Aurtengo aurrekontutik 85.000 euro bideratuko dituzte herriko merkataritza sustatzera, lau ataletan banatuta:
- Herriko merkataritzaren sustapena: 10.000 euro.
- Oria Merkatarien Elkartearekin lankidetza hitzarmena: 13.000 euro.
- Merkataritza bonoen kanpaina 2024: 57.000 euro.
- Establezimendu berrien irekierarako diru-laguntzak: 5.000 euro.
Lehen hitzordua, apirilak 15
Diru hau nola erabili Merkataritzan ados! mahaian erabakiko da, Unzueren esanetan. Horretarako eta sortzen doazen beharretarako bi hilean behin elkartuko da mahaia, astelehenetan, 13:30ean. Miren Lopez De Muniain Oria merkatari elkarteko kideak azaldu duenez, herriko merkatarien parte hartzea errazteko jarri da ordu berezi hori. Bilkura bakoitza baino lehen, udalak bilera deialdia argitaratuko du www.villabona.eus webgunean, eta sare sozialetan dituen kanal ofizialetan.
Lehena apirilaren 15ean izango da, 13:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Mahaiarekin harremanetan jarri nahi duenak, kontsultak edo ekarpenak egiteko, merkataritza@villabona.eus helbide elektronikoa dauka eskura.