Koloneko minbizia prebenitzeko saioa egingo dute Villabonan

Ataria 2024ko martxoaren 11

Koloneko minbiziaren prebentzioaren inguruko jardunaldi mediko gastronomikoa Azpeitiko Elikagunean. Argazkia: Uztarria.eus

Villabonako Irrintzi elkartean topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute martxoaren 13an, 18:30etik aurrera. Aurrez eman beharko da izena Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartean.

Martxoaren 31n ospatzen den Koloneko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak berriro antolatu ditu topaketa mediko gastronomikoak. Ekitaldi honetako aurreko edizioetan, 500 pertsona baino gehiago bildu ziren Gipuzkoako hainbat udalerritan. Oraingo honetan, topaketa mediko-gastronomikoa egingo dute Villabonan, Irrintzi elkartean, martxoaren 13an, 18:30etik aurrera. Prebentziozko topaketa hauetan, menu osasungarri bat prestatuko duen sukaldari bat izango da, Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko prebentzio psikologo baten parte hartzearekin batera.

Osasunarekiko kezka duten herritar guztientzako jarduera da. Izen ematea doakoa da eta elkartearen telefonora deituz 943 45 77 22 edota gipuzkoa@contraelcancer.es helbidera mezu bat bidaliz egin daiteke, topaketa egingo den lokalaren edukiera bete arte.

Elkartearen minbiziaren behatokiaren arabera, 2023an kolon eta ondesteko minbizia izan zen intzidentzia handiena izan zuen hirugarrena Euskal Herrian, prostatako eta bularreko minbizien atzetik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!