Oinkari eskola, plazara

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko mar. 9a, 13:45

Urteroko zita izan du gaurkoan Oinkari dantza taldeak. Villabonako plazak hartu dituzte dantzari txikienek eta ikasitakoa jendaurrean aurkeztu dute. Emankizun nagusia Errebote plazan eskaini dute.

Guztira 250 dantzari kalez kale, Arroa plazatik abiatuta. Kalejirak ordubeteko iraupena izan du; geldialdietan dantzariek euren trebezia erakutsi diete bertaratutakoei, asko eta asko, ikasleen senideak. Txulalai dantzak, ezpata-dantzak, inauteri dantzak, aurreskuak... ez dira falta izan gaurko errepertorioan.

Argi geratu da, beste behin, Oinkari dantza taldeak duen harrobia; ez soilik Villabonan, baita inguruko hainbat herrietan ere. Izan ere, Oinkari dantza eskolak Alegian, Areson, Lizartzan, Asteasun eta Adunan ere klaseak eskaintzen ditu. Aipatu herrietako ordezkariek ez dute hutsik egin gaurko Dantzari Egunean. Aurtengoan, huts egin dutenak ordea, Oinkari dantza taldeko helduak izan dira, arratsaldean Errotan ikuskizuna eskaini behar zutela eta.

Oinkari dantza taldeko Eneko Arteagak gaurko egunaren garrantzia azpimarratu nahi izan du: «Helburua da dantzari txiki hauei urtean zehar, ikasturte erdi aldera, ikuskizun txiki bat eskaintzeko aukera ematea». Honela, eguna Errebote plazan amaitu dute hamasei bat dantza eskainiz, 250 dantzarien parte hartzearekin, bertan bilduriko publikoaren aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!