Behar Zanakoek sei final jokatuko dituzte hiru modalitatetan

Ataria 2024ko martxoaren 7a

Asteburu betea dute Behar Zana elkarteko pilotariek, sei final jokatuko baitituzte hiru modalitatetan.

Eskuz banaka, larunbatean, 11:30ean Irurako trinketean Gipuzkoako finala jokatuko du Arkaitz Esnaolak nagusien 2. mailan Hernaniko Manterolaren aurka. Irabaziz gero, datorren urtean lehen mailan jokatuko du. Julen Urruzola Behar Zanako pilotariak lehen mailan postua mantentzea lortu du, beraz, bi plaza-pilotari izango lituzke klubak, eskuz binaka dituen moduan. Larunbat arratsaldean, Mallabian, Emakumezkoen Euskadiko X. Paleta Irekiko finala jokatuko dute 3. mailan Oberenakoen aurka Araitz eta Haizea Aldazabal ahizpek.

Larunbatean ere, joko garbiko Gipuzkoako finalak jokatuko dira Zubietan, 16:00etan hasita. Alebin mailan Ekhi Garmendiak, Xuban Artolak eta Oier Dieguezek jokatuko dute Zubietako Alberdi, Larrarte eta Ormazabal hirukotearen aurka. Jaialdi berean, jubenil mailan Pello eta Asier Aranburu anaiek Zubietako Urdalleta-Zabaletaren aurka jokatuko dute.

Igandean, Irurako trinketean Gipuzkoako eskuz banakako finalak izango dira kadete eta jubenil mailan eta hor ere Behar Zanako bi pilotari izango dira. 11:00etan hasita, kadete mailan Adur Otaegik Hernaniko Osesen aurka jokatuko du eta jarraian Inhar Iparragirrek Epleko Lizarazuren aurka jokatuko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!