Bertsolamintza jardunaldiak Amasa-Villabonan bukatuko dira martxoaren 23an

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 5a, 16:00
Bertsolamintzaren 2019ko edizioa Subijana etxean. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bertsoaren inguruko hausnarketen plaza izango da eta aurten 'Nondik eta zeri kantatzen diogu?' galderaren bueltan arituko dira. Amasa-Villabonan martxoaren 23an bukatuko dira jardunaldiak egun osoko egitarauarekin.

Bost urteko etenaldiaren ostean Bertsolamintza: bertsolaritzako gogoetaren plaza antolatzeari ekingo dio Bertsozale Elkarteak. Martxoaren 13an hasita, bi astean zehar bina saio eskainiko dituzte hizlariek, Euskal Herriko herrialde ezberdinetan. Martxoaren 23an amaituko da aurtengo edizioa, Villabonan. Bertan elkartuko dituzte hizlari guztiak, egun osoko egitarau batean bilduta.

Martxoaren 13an hasiko dute Bertsolamintzaren aurtengo edizioa, Gasteizko Goiuri jauregian. Bertan izango dira, Aroa Arrizubieta moderatzaile dutela, Maider Arregi alde batetik eta Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bestetik. Hiruek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek, baina ertz ezberdinetik. Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du. Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozio-ekonomikoa izango dute hizketagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien.

Bigarren saioa martxoaren 14ean izango da, Bilboko Euskararen Etxean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Lehenak libreko bertsogintza izango du hizketagai: bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu. Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da. Bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du.

Itsasuko Sanoki gelan izango dute hirugarren geralekua, martxoaren 20an. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana, Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida: estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.

Azken saioa Iruñean izango da, LABA espazioan, martxoaren 21ean. Saioa Alkaiza ibiliko da aurkezle lanetan. Hizlariak Julio Soto eta Imanol Artola Felix amezketarra batetik, eta bestetik Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira. Lehenengoak gai-jartzailearen inguruan arituko dira, gaien aukeraketaren inguruan. Azkenengoek bertso-eskoletara ekarriko dute gaia: eztabaidatuko dute bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.

Aurtengo Bertsolamintzaren itxiera ekitaldia, esan bezala, Villabonan izango da, Subijana etxean. Martxoaren 23an egun osoko egitaraua egongo da, aurreko bi asteetan egondako hizlariak bertan egongo baitira, Ainhoa Agirreazaldegi eta Aner Peritz moderatzaile dituztela. Egitaraua 08:45ean hasi eta eguerdirako bukatuko da. Ostean, bazkaria egongo da Villabonako Behar Zana elkartean, eta bazkalondoan libreko bertso saioa. Miren Artetxe eta Sustrai Colina ibiliko dira bertsotan, eta Eli Pagola gai jartzen. Bazkarirako tiketak salgai egongo dira, martxoaren 6tik aurrera, Bertsosarrerak.eus webgunean, 25 eurotan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!