Komiki erakusketa Gurean

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 28a, 11:58

Geuretik Sortuak bekako komikigileen 'Hona bostekoa!' lanean oinarritutako erakusketa zabaldu dute; Eñaut Aiartzaguenak Amasa-Villabonan egindako komikia aurkeztu du.

Udalbitzak sustatutako Geuretik Sortuak ekimenetik ateratako bost komiki lanen sormen prozesua ezagutzeko erakusketa izango da ikusgai Amasa-Villabonako Gurea erakusketa aretoan martxoaren 8ra bitartean. Deialdi publiko bitartez hautatutako bost komikigilek sormen egonaldiak egin dituzte esleitu zaizkien udalerrietan, eta haiek aurretik eramandako ideiei bertan bizitutakoa gehituta, bost istorio grafiko osatu dituzte. Hona bostekoa! komiki bilduman daude jasota, eta orain, sortzaileek egonaldia egin duten herrietan erakusketa ibiltaria dabil, komikigileen esperientzia eta lanak bilduz.

Amasa-Villabonak bigarren aldiz parte hartu du Geuretik Sortuak ekimenean eta Beatriz Unzue alkateak kultur sorkuntza bultzatzeko udalak egiten duen ahalegina azpimarratu du. «Aspalditik euskarazko kultur programazio zabala eskaintzeko ekintza ugari kontratatzen ditugu, baina ez dugu kultur sorkuntza bera bigarren maila batean utzi nahi», esan du alkateak. Unzuek azpimarratu du Geuretik Sortuak beka, nazio mailan beste hainbat udalerrirekin harremana egiteko baliatu dutela.

Bigarren edizio honetan Eñaut Aiartzaguena komikigileak egin du egonaldia Amasa-Villabonan eta herritarrekin izan duen harremana eta egin dioten harrera «beroa» eskertu ditu bildumarako osatu duen Gure basoak komikiaren aurkezpen ekitaldian. «Eskerrak eman behar dizkiot udalari eta baita Udalbiltzari ere, sortzaileontzat ez baita ohikoa izaten horrelako baldintza duinetan lan egin ahal izatea».

BERTAKOARI KEINUA

Kezka pertsonal batetik abiatuta bertako basoaren eta bertako espezieen landaketaren alde egingo zuen sorkuntza lan bat osatu nahi zuen Aiartzaguenak. Amasa-Villabona esleitu ziotenean «larritu» egin zela aitortu du komikigileak, bertako basoa berreskuratzeko lanketa abiatua zeukatelako Amasamendin. «Dena den, berehala animatu ninduten bide horretan jarraitzera, oraindik ere arlo horretan egiteko asko dagoela iritzita». Basoaren inguruko interesgune horri, mitologiarekikoa gehitu nahi izan zion sortzaileak eta horretarako Zunbeltz elkarteko Aitziber Cenzanorekin jarri zen harremanetan, besteak beste solstizioetan Amasa-Villabonan egiten dituzten ekimenen inguruko informazioa jasotzeko.

Herriko beste hainbat eragilerekin ere harremana izan zuen Aiartzaguenak martxoa eta maiatza bitartean. Aizkardi mendi elkartekoen eskutik ezagutu zituen herriko bazterrak eta Alaitz Bilbao Ingurumen teknikariak beharrezko azalpenak eman zizkion herriko basoen inguruan. «Omenaldi gisara edo, komikiko zenbait pertsonaiari bertako jendearen izenak jarri dizkiot. Alaitz bat eta Aitziber bat agertzen dira, adibidez, eta basajaunari Aizkardi izena jarri diot». Ilustratzaile gisa egin duen ibilbidean ohitura duen gisan, hezur haragizkoekin batera animaliak ere sartu ditu komikian egile iurretarrak.

Pertsonaia horiek guztiak osatzeko herriko ikastetxeen laguntza izan du. «Parte hartze dinamika bat planteatu nuen bai ikastolan eta baita eskolan ere. Haien inguruko deskribapen fisiko handirik eman gabe, pertsonaiak irudikatzeko eskatu nien ikasleei eta oso lan ederrak jaso nituen. Oinarri bezala hartu ditut komikiko protagonistak marrazteko», esan du Aiartzaguenak.

Komikigileak aitortu du asko kostatu zitzaiola jasotako informazio hori guztia ordenatu, sintetizatu eta istorio batean antolatzea: «Ez nuen panfleto bat egin nahi. Ipuin bat kontatu nahi nuen, istorio bat osatu, eta denbora eman nuen gidoia osatzen. Orain arte ez dut hain komiki luzerik inoiz idatzi eta ikasketa prozesu bat izan da niretzat».

15 PANELEZ OSATUA

Geuretik Sortuak bekaren bigarren edizioan parte hartu duten komikigileetako bakoitzak hiru panel ditu erakusketan. Lehenengoan, sarrera moduan sortzailea eta herria aurkezten dira, bigarrenean komikiaren sormen prozesua, eta hirugarrenean, bineta batzuk erakusten dira.

Berastegi eta Leitza artean egin duen egonaldian Unai Gaztelumendik sortu duen Harresia komikiaren ingurukoak ere jaso dira erakusketan. Martxoaren 8ra arte, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:30era, eta larunbatetan, 11:30etik 14:00etara egongo da zabalik erakusketa Gurea antzokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!