ERREPORTAJEA

Imanol korala

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 1a, 07:59

Joxan Goikoetxea, Sofia Quilez eta Juan M. Iparragirre. J.M.

Villabonako Eresargi abesbatzak Imanol, Lau haizetara emanaldia prestatu du, eta igandean eskainiko du 19:30ean, Gurea antzokian. Joxan Goikoetxea musikaria aritu da zuzendari artistiko modura.

Datorren ekainaren 25ean beteko dira 20 urte Imanol Larzabal (Donostia, 1947 - Alacant, Herrialde Katalanak, 2004) kantaria hil zela eta Eresargi abesbatzak igandean haren inguruko saioa egingo du Gurea antzokian, 19:30ean hasita. Azkeneko hilabeteak eman dituzte Imanol, Lau haizetara emanaldia prestatzen Joxan Goikoetxea musikari hernaniarraren zuzendaritzapean.

 

Juan M. Iparragirre: «Duela 30 bat urte guretzako oso lagungarria izan zen bere musika. Oso maitea genuen»



Goikoetxeak gertutik ezagutu zuen Imanol, eta gehienbat, bere ibilbidearen azkeneko zatian jardun zuen berarekin musikari gisa. Musikalitate handiko pertsona bezala gogoratzen du, eta nabarmendu du oso saiatua zela bere lanean. «Kolpe batean Benito Lertxundi, Mikel Laboa edota Xabier Leteren kantu gehiago etortzen zaizkigu burura. Agian Imanolenak ez dira hain famatuak egin, baina sartzen zara bere ibilbidea aztertzera eta jabetzen zara kantu asko egin zituela, eta gehienak, oso onak gainera. Pixka bat sakontzen duzun unean ohartzean zara zenbateko ondasuna dagoen bere errepertorioan», dio Goikoetxeak.

Bat datoz Eresargi abesbatzako kideak ere, eta Juan Mari Iparragirre zuzendariak nabarmendu du «oso barruan» daramatela Imanolen ahotsa eta kantatzeko modua, baita haren musika ere. «Duela 30 bat urte guretzako oso lagungarria izan zen bere musika, oso maitea genuen eta abesbatzako kide gehienok ezagutzen ditugu bere kantuak». Sofia Quilezek aipatu du, ez bakarrik gustuko dutelako, ordezkatzen duenagatik ere aukeratu dutela Imanol emanaldirako: «Eraman zuen bizitza eta nola bukatu zuen ere gogoratu nahi genuen. Zor genion horrelako tributu bat. Berarekin eta bere obrarekin zorretan ginela sentitzen genuen».

 

Sofia Quilez: «Zor genion horrelako tributu bat. Berarekin eta bere obrarekin zorretan ginela sentitzen genuen» 



Imanolen esentzia hogei kantuan

Ordu eta laurden inguruko emanaldia izango da igandekoa. Eresargi abesbatzak eta Eresargi Gazte abesbatzak kantatuko dute, hurrenez hurren, Juan Mari Iparragirreren eta Klara Mendizabalen zuzendaritzapean. Zuzendari artistikoa izateaz gainera, Joxan Goikoetxeak akordeoiarekin eta pianoarekin parte hartuko du, eta bere alboan izango ditu Iosune Marin gitarrarekin eta Txema Garces baxuarekin. Imanolen ekoizle eta moldatzailea izan zen Garces bere ibilbide artistikoaren zatirik handienean. Hark bezala, gutxik ezagutzen dute kantariaren ibilbidea. Emanaldian, solista bezala, Klara Mendizabalek eta Olatz Pratek hartu dute parte.



Hogei kantu inguru prestatu dituzte igandeko kontzerturako, eta Goikoetxea bera aritu da moldaketak egiten: «Eresargikoak gerturatu zitzaizkidanean laguntza eske, oso ideia ona iruditu zitzaidan. Gainera, aurretik Imanolen omenezko beste hainbat ekitalditan ere aritu izan naizenez zuzendari artistiko eta ekoizle tekniko gisa, beraz, material bat prestatua nuen dagoeneko». Aldi berean, Imanolen abestietako asko modu kolektiboan kantatzeko prestatuta daudela nabarmendu du Goikoetxeak: «Bigarren eta hirugarren ahotsak egiten zizkion bere buruari kantuetako askotan».

Kontzertuaren zuzendari artistikoak aipatu du igandeko kontzertuan Imanolen alde ezberdinak erakutsiko dituztela. Azpimarratu du, esate baterako, euskal poesia musikatzeko egin zuen lana. Jon Mirande, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia edota Mikel Arregiren poemak eman zituen Imanolek eta Goikoetxearen ustetan, jende askok ez lituzke poeta horiek ezagutuko Imanolen kantuengatik ez balitz.

«Musika herrikoia ere oso maitea zuen, eta ez da ahaztu behar bere alde satiriko eta pikaroa. Ume kanten bloke bat ere egongo da emanaldian, eta Imanolek landu zituen kantu sozialak, aberria eta ideologiarekin zerikusia dutenak ere ez ditugu ahaztuko». Kantu gehienak euskaraz izango dira, baina gaztelaniazkoak ere emango dituzte tartean. «Ia hasiera-hasieratik kantatu zuen gaztelaniaz. 1976an atera zuen Herriak ez du barkatuko! disko hartan, adibidez, Caminito de Erandio izeneko kantua sartu zuen. Beranduago, zoragarriak diren beste pieza batzuk ere eman zituen, Al oido edota Ausencia bezalakoak, eta guk igandeko kontzertuan elkarrekin kantatuko ditugu».

 

Joxan Goikoetxea: «Utzi zuen legatu hori guztia jaso eta atzetik datozenentzat zutabe sendo bat eraiki behar da»



Hurrengo belaunaldiei ondare hori guztia transmititzeko beharraz hitz egin du Goikoetxeak Villabonako emanaldiaren harira. «Guk lotura zuzena eta emozionala izan genuen Imanolekin, eta horregatik, baliatzen ditugu urtemugak eta bestelako datak bere kantuak gogoratzeko. Baina hurrengo belaunaldiekin zer gertatuko da? Hemendik 50 urtera gogoratuko dute? Horregatik utzi zuen legatu hori guztia jaso eta atzetik datozenentzat zutabe sendo bat eraiki behar da. Materiala jaso, argitalpenak egin, antologiak publikatu, bildumak osatu eta partiturak argitaratu behar dira». Zeregin horretan, Goikoetxeak uste du erakundeen lankidetza ezinbestekoa dela, eta ondare hori guztia argitara emateko laguntza eskaini behar dutela. «Askotan iruditzen zaigu euskal kultura eta euskara estatus batera iritsi direla, baina oraindik ere gauza asko dago aldarrikatu beharra. Kantari hauek guztiek egin zuten lana gorde eta ezagutzera emateko zeregina erakundeena da. Ahalegina eskatu behar zaie ez ditzaten bakarrik modako talde horiek programatu eta gogoratu daitezen beste hauekin ere. Instituzioek egiten ez badute, zeinen esku geratzen da?», galdetu du musikari hernaniarrak.



Igandeko emanaldia Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin antolatu dute, eta alde horretatik, eskertuta daude Eresargi abesbatzako kideak. Hilabeteak eman dituzte kontzertua prestatzen eta Goikoetxearen laguntza izan dute horretarako. Musikari hernaniarrak esan du «luxu bat» dela abesbatzarekin eskuz esku aritzea eta astean behin haiekin elkartzea beharrezko moldaketak eta egokitzapenak egiteko. Norabide horretan, esan du, guztientzat «irisgarria» den emanaldi bat prestatu dutela iganderako: «Askotan birtuosismoa erakutsi eta gauza oso konplikatuak egiten saiatzen gara. Exijentzia maila altua jartzen diote taldeek euren buruari eta bidean ez dute disfrutatzen. Ni saiatu naiz Eresargikoak gustura senti zitezen baita prozesuan ere. Ez dira moldaketa oso dentsoak eta iruditzen zait Imanolen esentziara gerturatzen lagunduko digutela kantuek. Bertsio originaletik ez dira oso urrun egongo».

Iparragirrek berretsi du Goikoetxearen esana eta azpimarratu du abesbatzako kideak «oso eroso» sentitu direla prestatutako kantuekin. Gaur egun, 23 kide dira Eresargin eta zuzendariak estimatuko luke jende gehiago abesbatzan. «Kopuru polita izango litzateke 40 inguru bagina. Nik hartuko nituzke soprano gehiago eta kontra altoak ere bai. Eta gizonezko gehiago, noski, hiru tenore baino ez baitauzkagu abesbatzan».



Eresargik 2025ean 40 urte

Quilezek esan du abesbatzari min handia egin diola pandemiak. Eresargi Gazte abesbatzan, gaur egun, dozena bat lagun baino ez dira ari eta hurrengo belaunaldietan errelebo falta sumatzen du: «Txikitan, bai, animatzen dira, baina gazteagotan eskolaz kanpoko jarduera asko eta musika arloan eskaintza handia izaten dute, eta gutxik hartzen dute abesbatzan jarraitzeko erabakia». Musika koralak bizi duen beherakadaz hitz egin du Iparragirrek, Villabonan bezala beste toki askotan ere. «Gure gazte garaietan kantatzeko geneukan ohitura galdu da. Gaztea musikara gerturatzen bada, aukeratuko du instrumentu bat eta horrekin ibiliko da jo eta ke, baina ez du ahotsa batere landuko». Fenomeno «bipolarra» dela esan du Goikoetxeak eta zaila dela ondorioak ateratzea: «Musika eskola batean egiten dut lan eta uste dut musikarekiko garai bateko atxikimendu eta konpromisorik ez dagoela. Baina, gero, aldi berean, geroz eta gehiago praktikatzen da musika, eta geroz eta gehiagok kontsumitzen du musika. Jendeak kantatzen du, ikusi besterik ez dago talent show horiek duten arrakasta, baina lantzen dena beti estilo jakin batekoa da. Kanpotik datorkigun horren menpe gaude eta askotan iruditzen zait txotxongilo batzuk baino ez garela. Geureari eutsi beharko genioke gehiago».

Dena den, Eresargi abesbatzakoek eta Goikoetxeak berak ez dute dena beltz ikusten, eta azpimarratu nahi izan dute gaur egun Eresargi Gazte abesbatzan dabiltzanen ekarpena. «Izugarrizko lana egiten ari da Klara Mendizabal eta igandean taula gainean ikusi ahal izango dugu emaitza. Bakarka kantu batzuk eskainiko dituzte eta helduekin batera ere arituko dira gazteak. Lan handia egin dute igandekoa prestatzeko», esan du Quilezek.

Herrian abesbatzarako «sua eta gogoa» sortzeko igandeko emanaldia pizgarri izatea nahi du Goikoetxeak. Aurretik ere Eresargikoek gogoratu dituzte Gontzal Mendibilekin, Puro Relajorekin edota Mikel Urdangarinekin elkarlanean egindako kontzertuak. Aitortu dute herrian oihartzuna izan dutela eta lagundu dutela euren lana ezagutarazten. Hurrengo urterako badute jomugan beste hitzordu garrantzitsu bat, Eresargik 40 urte beteko baititu. «Jende asko pasa da abesbatzatik urte hauetan guztietan. Igandekoa amaitu eta hasiko gara zerbait pentsatzen datorren urterako», aurreratu du Quilezek.

Imanol Larzabal zena gogoan hartzeko aukera izango da igandean, 19:00etatik aurrera, Gurea zinema aretoan. Haren musika gustuko zuenak gozatua hartuko du Eresargi abesbatzaren Imanol, Lau haizetara emanaldian. Aurrez, 8 euroan erosi daitezke sarrerak hemen

 

IMANOL, LAU HAIZETARA

MARTXOAK 3, IGANDEA. 19:00. Gurea antzokian.

  • Eresargi abesbatza.
  • Eresargi Gazte abesbatza.
  • Joxan Goikoetxea.
  • Txema Garces.
  • Iosune Marin.
  • Olatz Prat eta Klara Mendizabal. 

Sarrerak. 8 euroan, hemen eskuragai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!