Elkarrizketa

«Behar ditugu politika sendoagoak eta euskaltzaletasun biziago bat»

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 26a, 11:59
Argazkia: Dani Blanco

Amasa-Villabonako Subijana etxean, bihar 19:00etan, hitzaldia emango du Iñaki Iurrebasok, UEMAko ikerketa teknikariak. Euskararen gaur egungo egoera aztertzeko datuak eta diagnostiko berri baterako gakoak emango ditu.

2022 bukaeran aurkeztu zuen doktore tesia Iñaki Iurrebaso Biterik (Legazpi, 1967): Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Bertan bildutako datuak oinarri hartuko ditu bihar Villabonan euskararen egungo egoerari erreparatzeko eta diagnostiko berri baterako gakoak emateko.

Euskararen ahulgune nagusia erabileran zegoenaren ustea irauli duzu zure tesian. Zein datu erabiltzen duzu hori ziurtatzeko?

Abiatzen naiz hizkuntza gaitasuna beste modu batean aztertzetik. Bateren batek esan dezake, Euskal Herriko gaur egungo datuak hartuta, euskaldunak %30 inguru garela, eta erdaldunak, berriz, %62. Tartean geratzen den %8 hori elebidun hartzaileek osatuko lukete. Baina datu horietan gehiago sakontzen badugu ikusten dugu badaukagula %70 bat euskara ez dakiena, eta gaztelania-frantsesa ez dakienik ia-ia inor ez dagoela. Eta bestetik, hizkuntza erabiltzeko erraztasunari begiratzen badiogu, konturatzen gara euskaraz errazago egiten duten hiztunak, gaur egun, %8 baino ez direla. Gaztelaniaz-frantsesez errazago egiten dutenak, aldiz, %83 dira, hor nonbait. Hizkuntza gaitasunean ahuldade handia daukagu. Hori kontuan hartuta, hiztunek daukaten gaitasuna eta harreman sareak nola dauden ikusita, euskararen erabilera datuak ez dira txarrak.  

Euskaldunok bost egoeretatik bitan erdaraz hitz egin behar izaten dugula diozu.

Bai. Euskaldun askok ez dute euskaraz egiten, besteak beste, beraien mintzakideek ez dakitelako euskaraz, euskaldunak eta erdaldunak nahasian bizi garelako. Hori guztia kontuan hartuta dauzkagun erabilera datuak onak dira. Jakina ez dela berdina Tolosaldean edo Bilbon. Zuen eskualdean proportzioa hobea izango da, bost egoeratik bitan baino gehiagotan hitz egin ahalko duzue euskaraz, baina Bilbon, adibidez, batez besteko horretatik behera dabiltza.

Euskararen transmisioaren datuei ere erreparatu diezu. Garrantzia ematen al diogu familian euskara erakusteari?

Ahalegin handia egin da umeek euskaraz ikas dezaten. Batzuetan ez dugu behar bezainbeste baloratu, eta gorputz bat bagina osasuntsuen daukagun atala da hori. Gure minorizazio gorriaren barruan, hain gaizki ez daukagun atala da. Gaur egun, hizkuntza gutxituetan nahikoa arrunta den fenomenoa da hizkuntza ez ondorengotzea. Gurean ere garai batean bazegoen fenomeno hori, bazegoen galera iraunkor bat. Hori esan daiteke neurri batean desagertu egin dela. Gehienbat euskaraz errazago egiten dutenek erabat pasatzen diete hizkuntza ondorengoei. Euskaraz hain ondo egiten ez dutenek ere egiten dute ahalegina seme-alabei euskara erakusteko, edo behintzat, euskal mundura erakartzeko. Hori gure indargune garrantzitsua da.

Datu horiek erakusten dute euskaldunok badugula hizkuntzarekiko atxikimendua?

Bai. Koadro orokorrean baietz esango nuke, nahiz eta barrura begiratzerakoan ñabardura asko egin daitezkeen, gure ezaugarrietako bat hori da, hizkuntzarekiko atxikimendu handia daukagula. Euskaltzaletasun soziala nahikoa sendoa da. Hori ez da gure ahulgunea.

Zein da, beraz, euskarak egun duen ahulgunea?

Nire ustez, hizkuntza gaitasuna. Hiztun gehienek ez dakite euskaraz, eta bestalde, oso hiztun gutxi dauzkagu euskaraz errazago egiten dutenak. Horrekin lotuta, eta lurralde banaketari begiratzen badiogu, hiztun gehien gehienak, hamarretik bederatzi, erdara nagusi den eremuetan bizi dira. Horrek berekin dakar erdalduntzeko joera bat eta hori problema handi bat da. Euskara nagusi den eremuetan hiztunen %4-5 baino ez da bizi. Egoera horrek ahuldade handia ematen dio berezko dinamika batekin hizkuntza indartzeko joerari.

Joera horri nola jarri esku frenoa?

Ez da erraza. Joera hori gutxi balitz, gainera, botere egituraketa errealak gehiago egiten du erdalduntzearen alde, euskalduntzearen alde baino.

Eremu euskaldunetara, arnasguneetara ere iritsi daiteke joera erdaratzaile hori?

Bai, jakina. Arnasguneko herrietan berezko dinamika bada euskararen aldekoa, baina azken aldian gertatzen ari diren biztanleria fluxuekin ahultzen ari da. Arnasguneetan fenomeno orokor bat da azkeneko 20 urteetan ematen ari dena. Txikitzen eta ahultzen ari dira.

Euskara gaitasunean jarri beharko genuke arreta, baina nola egin daiteke?

Horren alde lan egin behar da familian, besteak beste. Askotan, ez dakit garrantzia ematen ote zaion etxeko txikiei euskaraz ahalik eta bizien eta jolastien egiteari. Etxe askotan badago ume eta nerabeei euskaraz ondo pasarazten saiatzeko jakinduria hori. Eta berdin eskolan eta kalean ere. Denok jarri beharko genuke horri begira. Ahozkotasuna gehiago landu beharko genuke; horretan kale egiten hasita gaude.

Euskararen biziberritzea motelduta dagoela uste duzu?

Nik ez dut hori aztertu tesian, baina nire inpresioa da ez dagoela behar bezain bizi, eta ez dagoela behar bezain aktibatua eta motibatua. Makalaldi batean gaude eta aurrera egin nahi badugu bi gauza beharko lirateke: batetik, konpromiso eta politika sendoagoak, eta hori, botere publikoei tokatzen zaie neurri handi batean; eta bestetik, eta erakunde horiei eragiteko, euskaltzaletasun biziago bat, berriro ere militantziari helduko diona eta euskararen alde gehiago mugituko dena. Norbere bizitzatik hasita, euskarari beste lehentasun bat emango dioten euskaltzaleak behar ditugu.

Diozun bezala «minorizazio gorrian» dagoen hizkuntzaren berreskurapenerako argi izpirik ikusten al duzu?

Baietz pentsatu nahi dut. Badaude mugimendu batzuk. Iparraldean, adibidez, gazteak azterketen kontuekin nola dabiltzan ikusita eta Bilboko manifestazioan inork uste baino jende gehiago bildu zela ikusita, itxaropen zantzuak ikusten ditut. Bizkarsoro pelikulak ere uste dut berpiztu duela guregan ikuspegi hori, gure hizkuntzak bizi duen egoera ez dela zoriaren ondorio, gertaera historiko jakin batzuen emaitza baizik. Pentsatu nahi dut ziklo berri baten hasieran egon gaitezkeela.

Beste hainbat herritan eman dituzu dagoeneko hitzaldiak. Zer nolako inpresio bildu dituzu orain artekoetan?

Inpresio orokorra da batetik, interesa piztu duela. Azaltzen ditudanak entzun eta gero bi erreakzio orokor jaso ditut: batzuengan mina sumatu dut, hiztun komunitate bezala pentsatu izan duguna baino ahulago gaudela ikusi dutelako; eta bestetik, dezentetan jaso dut jakinaren gainean hitz egin izanaren inpresioa, jende askok, nik esan aurretik, egoerari susmoa hartu izana balio bezala. Orain arte beste ikuspegi batzuekin aritu garen arren, hitzaldiak oinak lurrean jartzeko balio izan diela aitortu izan dit jende askok.

Zeinentzako da interesgarria biharko hitzaldia?

Nahi duenarentzat. Guztiz irekia da. Saiatzen naiz, nahiz eta zenbakiak erabiltzen ditudan, ahalik eta ulerterrazen egiten. Jendeak esaten didanez, ondo entenditzen direla esandakoak. Euskaltzale guztiei irekia dago biharko saioa.

Erlazionatuak

01. 07 Su txikiak

Tolosaldeko Ataria ots 26 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!