Erronka gailenduta

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko ots. 24a, 13:02

Elkartasun Sareak eta Irrika aisialdi taldeak deituriko erronkak aurreikuspen guztiak gailendu ditu. Elkartasun Azoka antolatu dute gaur goizean, 365 gosari lortzeko helburuarekin: ordubetean ezarritako erronka gailenduta zuten.

Eguraldiak gehiegi lagundu ez badu ere, Irrika aisialdi taldekoek Villabonako Berdura plazan topatu dute babesgunea. Guneak babesa eskaintzeaz gain, herritarrek ere euren eskuzabaltasuna azaldu dute. Hitzorduari muzin egin gabe, azoka zabaldu bezain pronto gerturatu baitira herritarrak esnea eta gailetak zorroetan bilduta. Gosariak entregatu eta ordainetan baleak jasotzen zituzten; bale horiek postuz postu agerian zeuden jostailu eta liburuengatik trukatzeko aukera zuten. Esku bete iritsi, eta esku bete etxera bueltatu.

Azkenean, helburua beharra duten familiei elkartasuna eta babesa eskaintzea da gosari modura. Irrika aisialdi taldeko Nekane Aizpuruak zerrendatu ditu helburuak: «Helburu ezberdinei loturik antolatu dugu honako ekimena. Lehenik, sentsibilizazio kanpaina jarri nahi genuen martxan, herrian eta elkarte mailan. Elkartasun azoka hau antolatu dugu, Elkartasun Sareak biltegian pilatuta zituen material ezberdinei irteera bat emateko». Truke azoka izan da irteera emateko modua: «Gailetak edo esnea biltzen ari gara».

Izugarrizko arrakasta

Aizpuruaren hitzetan «izugarrizko arrakasta» izan du ekimenak. 365 gosari azoka martxan jarri eta berehala lortu dira. Hala ere, ez dute amore eman, eta 13:30ak bitarte lanean jarraituko dute: «Orain, jarraitzen ari gara ahalik eta gaileta eta esne gehien lortuz, pobrezian dagoen jende guzti horrengana iristeko». Gosari kopurua eskuratzeaz batera helburu nagusia ere bete dutela argi du Aizpuruak: «Elkartasuna erdigunera ekartzea lortu dugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!