Elkartasun Azoka antolatu dute 365 gosari lortzeko erronkarekin

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 20a, 11:59

Elkartasun Sareak antolatu du ekimena Irrika aisialdi taldearekin batera; larunbatean, Berdura plazara gosaritarako elikagaiak eramaten dituenak trukean jostailuak jasoko ditu.

Gosaritarako elikagaiak lortzeko helburuarekin Elkartasun Azoka antolatu dute larunbaterako Amasa-Villabonako Berdura plazan. Esne eta gaileta ugari, lor ditzagun 365 gosari leloa asmatu dute Irrika aisialdi taldeko gazteek ekimenerako eta Amasa-Villabonako Elkartasun Sarearekin batera ariko dira gazteak azoka kudeatzen. Elikagaiak eramaten dituenak, trukean Elkartasun Sareak hilabeteotan pilatutako jostailu, mahai jolas, kirol material edo liburuak eramango ditu bueltan. 10:00etatik 13:30era egingo dute azoka.

Irrika aisialdi taldeko kideek azaldu dute larunbateko azokak izango duen funtzionamendua: «Esnea edo gaileta paketeak eramaten dituenak, trukean koloretako txarteltxoak jasoko ditu eta gero, informazio puntuan txartelak aipatutako materialengatik aldatu ahal izango ditu». Irrikako kideek DBHko ikasleekin lanketa egin dute azkeneko asteetan, eta gaztetxoak izan dira Elkartasun Azokako logoa eta leloa sortu dituztenak. «Sentsibilizazio kanpaina bat eta kontzientziazio lan bat egin nahi izan dugu aisialdi taldetik, beti ere, beharrean dauden familia hauei laguntza eman eta elkartasuna erdigunean jarriz». Aiztondo bailarako gaztei aisialdi inklusibo, euskaldun eta osasuntsu bat eskaintzeko sortu zen 2022an Irrika eta gaztetxoen ongizatea iparrorratz hartuta, haientzako aisialdi onuragarri baten alde egiten du lan.

Azokarekin hilabete hauetan Elkartasun Sarearen biltegian pilatu den materialari irteera bat eman nahi diotela nabarmendu dute Irrika aisialdi taldeko kideek. «Jaiotze tasak behera egin du, baita laguntza jasotzen duten familietan ere. Horretatik material pilaketa horri irteera bat emateko ekimen ona dela iruditu zaigu, trukea eta elkartasuna elkarrekin lotuz».  Larunbateko azokan Irrika aisialdi taldeko gazteak ariko dira truke lana bideratzen eta informazio txokoan pisu bat jarriko dute jasotako elikagai kopurua pisatzeko. Urteko egun bakoitzeko gosari bat, 365 gosari lortzeko erronka jarri diote euren buruari.

Premia dutenen lagungarri

Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak Elkartasun Azokaren aurkezpena baliatu du 2023ko balantzea egiteko. Bertan aritzen diren boluntarioek zenbakiei garrantzia eman diete, baina lorpen kualitatiboetan jarri dute azpimarra: «Herrian ematen ari diren urratsak oso garrantzitsuak dira. Hainbeste lote banatu baldin badira, aurrez elikagai eta material horiek jaso direlako da. Herri honetan dagoen elkartasun maila izugarria da».

2023an zehar, herriko eragile, talde eta ikastetxeek ekarpen garrantzitsua egin diote Elkartasun Sareari eta keinu hori «poztekoa» dela esan dute sarean ibiltzen diren boluntarioek. «Orain ereiten dugun haziak etorkizunean emango du uzta. Gure ustez kohesio soziala da herri batek duen altxorrik inportanteena. Elkartasunean inbertitzea, etorkizunean inbertitzea da». Horregatik, berebiziko garrantzia du Elkartasun Sareko kideentzat Irrika aisialdi taldekoekin batera larunbateko azoka antolatzea.

Amasa-Villabonan sortzen ari den mugimenduan azpimarra egin ondoren, elikagai premian eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dagoen jende multzoan jarri dute arreta. 2023ko memorian bildutako datuak eman dituzte ezagutzera: 1.371 elikagai lote banatu ziren iaz eta janari lote bakoitza oinarrizko elikagaiekin osatu zuten. %64a auzolanetik eta herriko Eroski saltokitik jasotakoa izan zen eta gainerakoa, berriz, Oiartzungo Elikagai bankutik jasotakoa. «Egunero elikadura behar oinarrizkoena asetzeko laguntza beharrean dagoen jende kopurua izugarria da», azpimarratu dute boluntarioek. 199 arropa lote ere banatu zituzten iaz.

«Ekonomia zirkularrari eta birziklatze dinamikei ekarpen bat egiten saiatzen gara, gure helburu nagusia hori izan gabe», esan dute sareko kideek. Arroparekin batera, etxeko altzari eta etxe tresnak banatu dituzte eta 26 umeren artean, lau jostailuz osatutako loteak, Eguberrietan oparia izan zezaten. Gainera, 33 umek oinarrizkoa eta beharrezkoa zuten ikasketa materiala jaso dute Elkartasun Saretik. Zu-Bi proiektuarekin ere jarraitu  dute 2023an eta larrialdi egoeran dauden familietako adin txikiko bakoitzarentzat 250 euroko poltsa jarri dute urte osorako. Bertatik, gustuko dituzten eskolaz kanpoko ekimenen gastuak ordaindu ahal izan dira.

«Laguntza jasotzen dutenek aitortu digute Amasa-Villabonan bezalako tratua ez dutela inon jaso. Hori geure herriaz harro egoteko arrazoia da», esan dute herriko boluntarioek eta larunbateko Elkartasun Azokan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!