365 gosari lortzeko erronka

Ataria 2024ko ots. 15a, 15:50

Elkartasun Sareak, Irrika aisialdi taldeak eta Amasa-Villabonako Udalak Elkartasun Azoka antolatu dute elkarrekin; otsailaren 24an, goizez, Berdura plazan egingo den azokan, gosaritarako elikagaiak eraman eta bueltan materiala eraman ahal izango dute parte hartzaileek.

Elkartasun Azoka antolatu dute Amasa-Villabonako Elkartasun Sareak, Irrika aisialdi taldeak eta udalak. Otsailaren 24an, 10:00etatik 13:30era, Berdura plazan egingo dute ekimena eta gosaritarako elikagaiak bilduko dituzte bertan. Trukea izango da azokaren oinarria, esnea eta gailetak eramaten dituenak, Elkartasun Sareak urteotan pilatu dituen materialak eramango ditu bueltan.

Oinarrizko elikagai eta produktuez gain, jostailuak, liburuak, eskola materiala eta etxeko altzariak bildu eta banatu izan ditu Elkartasun Sareak 2020an sortu zenetik. Lau urteotan herritarren ekarpen ugari jaso ditu sareak, eta eskuzabaltasunagatik alde batetik, eta jaiotze tasa jaitsi delako bestetik, biltegian material ugari pilatu ditu. Orain, material horri bizitza berri bat eman nahi diote. Esnea eta gailetak bildu eta trukean mahai jolasak, liburuak, kirol materialak eta haurren arropak eraman ahal izango dira, besteak beste.

Gizarte bazterketa eta pobrezia arriskuan dauden herritarrekin elkarlanean aritzen den elkartea da Elkartasun Sarea. Elkartasun Azokarekin batera sentsibilizazio kanpaina bat egin nahi dute bazterketa arriskuan dauden herritarrei laguntza eskaintzeko asmoz. Haur, gazte eta gurasoei zuzendutako kanpaina izango da eta proiektuaren barruan saio ezberdinak egingo dituzte. Horietako bat Irrika aisialdi taldeko haur eta gazteekin egingo dute. Otsaileko ekintza nagusian, Elkartasun Sareko kideak egiten duten lana erakustera joango dira eta xehetasunak emango dituzte Elkartasun Azokaren inguruan.

Irrika aisialdi taldeko gaztetxoei azokan produktuak antolatzen laguntzera animatuko zaie eta gazte batzuk kartela diseinatzen lagundu dute. "Elkartasun olatu bat sortu nahi dugu, eta erronka bat dugu, 365 gosari lortzea", esan dute aisialdi taldeko kideek. Villabonako Berdura plazan egingo dute azoka, otsailaren 24an, 10:00etatik 13:30era.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!