Amasa-Villabonako Udalak Aiztondo Klasika babestuko du

Ataria 2024ko ots. 15a, 11:18

Urtero 8.000 euroko laguntza emango dio antolakuntzari, 2027ra arte iraungo duen lankidetza hitzarmenari esker.

Martxoaren 10ean izango da Aiztondo Klasika – Patxi Alkorta Memoriala lasterketa. Aurtengo edizioa Zizurkildik abiatu eta Asteasun amaituko da. Txirrindularitza babestu eta sustatzeko helburuarekin, Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez onartu du Aiztondo Klasika batzordearekin lankidetza hitzarmena sinatzea.

Hitzarmen horren bitartez, Amasa-Villabonako Udalak urtero 8.000 euroko diru laguntza bideratuko du 23 urtez azpiko maila goreneko txirrindulari lasterketa hau antolatzeko.

6 urtetarako hitzarmena

Lankidetza-hitzarmen honek lasterketaren antolakuntza babesteaz gain, epe luzerako konpromisoa ere ezartzen du, udalak 2027 urtera arte Aiztondo Klasikarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartzen baitu. Horrela, hauek izango dira datozen 6 urteetarako irteera eta helmuga herriak: 2024an Zizurkil-Asteasu; 2025ean Aduna-Amasa-Villabona; 2026an Alkiza-Larraul; 2027an Asteasu-Zizurkil; 2028an Amasa-Villabona-Aduna; 2029an Larraul-Alkiza.

Aiztondo Klasika - Patxi Alkorta Memoriala estatu mailako amateurren lasterketa garrantzitsuenetariko bat da eta Espainiako Koparako puntuagarria da. Amateur mailako txirrindularitza talde nagusiek parte hartzen dute eta lasterketa horretako irabazle askok txirrindularitza profesionalera jauzi egitea lortu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!