Olaederrako estalkia berritu dute aldundiaren laguntzarekin

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 6a, 17:09

Argizuloak eta isolamendu termikoa izango ditu estalkiak eta energia efizientzia hobetzeko aukera emango du; aldundiarekin batera beste kirol azpiegitura batzuk berritu nahi ditu udalak

Hemendik aurrera, Olaederrako estalkiak kantxak argia sartzeko 36 argizulo eta isolamendu termiko berezi bat izango ditu. Horiei esker, kirol kantxako tenperatura leunagoa izango da aurrerantzean. Teilatuaren estalki zaharrak mantentze gastu handia zekarren eta proiektu honekin irtenbide «integrala» lortu dela esan dute udal ordezkariek. Gainera estalki berriak etorkizunean auto-kontsumora bideratutako plaka fotovoltaikoak eta termikoak instalatzea ahalbidetzen du, kiroldegiaren energia efizientzia nabarmen hobetzeko aukera zabalduz.

Proiektua DPO ingeniaritza-enpresak diseinatu du eta obra 503.192 euroko aurrekontuarekin esleitu da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuak  117.640 euroko diru laguntzarekin babestu du lana. Amasa-Villabonako kirol instalazioak hobetzeko aldundia hainbat partidekin lanean ari da azken urteotan, eta guztira, 133.510 euroko laguntza publikoa jaso du Amasa-Villabonak. 2023an Olaederra kiroldegiko estalkia berritzeaz gain, 2022an 8.950 euro bideratu zituen foru erakundeak Bearzana pilotalekua eraberritzeko, eta 2021ean Villabonako Udalak 6.920 euroko laguntza jaso zuen Otsabiko Pump Track proiekturako.

Beatriz Unzue alkateak esan  du, udal gobernutik, herrian dituzten kirol instalakuntzei garrantzia berezia ematen dietela. Etorkizunean ere, aldundiarekin duten elkarlanean sakondu nahi dutela nabarmendu du alkateak eta etorkizunera begira dituzten erronkak zerrendatu ditu: «Berehala, Olaederrako eraberritze integralarekin amaitzeko, kiroldegiko kantxako argiteria berria ezarri eta lurzorua berritzeari ekingo diogu. Eta nola ez, herritarrek bozka bidez aukeratutako bolatokia estaltzeko eta padel pistak eraikitzeko proiektua gauzatu behar dugu. Beste inbertsio txikiago batzuk ere martxan jartzeko asmoa dugu: Erreboteko plazaren iparraldeko frontisa konpontzea, Arratzaingo frontoia eraberritzea edota Otsabin kalistenia parkea jartzea. Espero dugu egitasmo hauen garapena behar bezala egikaritzen asmatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!