Arratzainen sukalde bat sortzeko eskaerarekin bat egin du udalak

Jon Miranda Labaien 2024ko ots. 6a, 07:59

Fleming herri eskolako komunitateak mozioa aurkeztu dio Amasa-Villabonako Udalari, ikastetxean sukalde bat sortzeko egitasmoa babestu eta udal eraikinaren parte bat asmo horretara bidera dezan

Amasa-Villabonako udalbatzak aho batez egin du bat Fleming herri eskolaren Arratzaingo eraikinean sukalde bat egiteko eskaerarekin. Udalak sukaldea ahalik eta azkarren egiteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari eta konpromisoa hartu du, lan horiek egiteko beharrezkoak diren udal baimenak emateko eta beharrezko diren baliabide pertsonal, tekniko eta ekonomikoak jartzeko. Erabaki hauek hartu ditu udalbatzak, urtarrilaren 30eko osoko bilkuran eskola komunitateak mozioa aurkeztu ondoren .

Jesus Quesada Fleming herri eskolako zuzendariaren esanetan «oso garrantzitsua» da udalaren babesa. «Tamaina honetako erronka bati aurre egiteko, norabide berean egin behar dugu indar erakunde guztiok». Quesadaren ustez, azken urteetan aldatu egin da Hezkuntza sailaren jarrera jangela ereduari dagokionez: «Geroz eta gehiago bultzatzen ari da ikastetxeetan sukaldeak sortzearena eta bertan janaria prestatzearena. Guk duela zazpi urte egin genuen lehenengo proiektua, eta asmoa lozorroan egon den arren, ez dugu sekula ahaztu. Oso garbi daukagu abantaila handia dela eskolan bertan sukaldea izatea».

Egitasmoa berreskuratzeko aukera ikusi dute, orain. 2022an hartu zuen erretiroa eskolako atezainak eta hark erabiltzen zuen etxebizitza hutsik geratu denez, espazio hori aproposa iruditu zaio eskola komunitateari sukaldea egiteko. Bideragarritasuna aztertzeko proiektua aurkeztu eta iazko urrian eskolako OOG Ordezkaritza Organo Gorenak aho batez onartu zuen egitasmoa. Eskolak Hezkuntza sailari luzatu dio dagoeneko sukaldea egiteko eskaera, baina eraikina udalarena denez, beharrezkoa da udalbatzak proiektuari oniritzia ematea prozesuarekin jarraitzeko. Baimen hori aurreko asteko osoko bilkuran gauzatu zen.

Beste hainbat ikastetxetan bezala jangela zerbitzua eskaintzen du Hezkuntza sailak Fleming herri eskolan. Auzolagun enpresa arduratzen da otorduak partitzeaz. «Ezin dugu esan ekartzen duten janariarekin pozik ez gaudenik, baina ez da bertan egindakoa. Uste dugu kalitatean asko irabaziko genukeela otorduak eskolan bertan prestatuz gero», esan du zuzendariak. Flemingo eskola komunitateko ordezkariek sukaldea in situ duten beste hainbat ikastetxe bisitatu dituzte eta bertatik bertara ikusi dituzte onurak.

ZERBITZU ERABILIA

Gaur egun 250 pertsona inguruk bazkaltzen dute Fleming herri eskolan. 60 inguru dira Arroako eraikinean bazkaltzen dutenak eta 140 Arratzaingoan. Gainera, Erniobean ibiltzen diren DBHko zenbait ikaslek ere erabiltzen dute zerbitzua, baita hainbat irakaslek ere. «Azken urteetako bilakaerari begiratuta, geroz eta ikasle gehiagok erabiltzen du jangela zerbitzua. Ikasle ia gehienak geratzen dira eskolan bazkaltzen. Gainera, %80tik gora ikasle bekadunak dira eta ez dute ezer ordaintzen jangela zerbitzuagatik», azpimarratu du Quesadak.

Garrantziaz jabetuta erabaki dute jangela eredua aldatzea, zerbitzu geroz eta hobea eskaintzeko asmoz. «Sei urtez behin jaurlaritzak ikastetxeetako azpiegitura plan bat egiten du eta datorren urtean egokitzen zaio berritzea. Espero dugu ordurako gure eskaera aintzakotzat hartzea». Zuzendariak ez ditu epeak aipatu nahi izan, baina gauzak ondo bidean, eta Hezkuntza sailak baimena ematen badu, datorren ikasturtean egin ditzakete sukaldea eraikitzeko obrak, eta hemendik bira, otorduak Arratzainen bertan prestatzen hasi daitezke.

Bidean erronka bat baino gehiago izango dituztela aitortu du, dena den, Quesadak. Sukaldea Arratzainen egonagatik, prestatutako jakiak Arroako eraikinera garraiatu beharko lirateke. Udalean aurkeztutako mozioan, Arroako eraikuntzara janaria garraiatzeko baliabideak jartzeko eskaera ere luzatu zuten eskolako kideek. Eta behin hasita, Arroara bezala beste eskola batzuetara otorduak eramateko aukeraz galdetuta, Quesadak dio duela zazpi urte landutako proiektuan aurreikusi zutela Aiztondoko beste zenbait eskola publikotara janaria eramateko aukera. «Ez dugu ideia baztertzen, baina oraindik ez dugu horri buruz hitz egin. Hala ere, bailarako eskola publikoak etengabe gaude harremanetan eta momentua iristen denean hartuko dugu beharrezko erabakia», esan du eskolako zuzendariak.

Pausoz pauso joan nahi dute egitasmoarekin. Sukaldea eraikitzea izango litzateke lehen urratsa, hasieran behintzat eskolako kideek ez dute aurreikusten bere gain hartzea sukaldearen kudeaketa. «Dagoeneko prozesu hau egin duten beste eskoletan aurretik catering-a eramaten zuten enpresek jarraitu dute eskolan eraikitako sukalde hori kudeatzen. Modu horretara gaur egungo langileek jarraitu ahal izango lukete lanean, baina ikastetxeko sukaldean bertan. Janaria kanpotik ekarri beharrean bertan egingo lukete».

Behin sukaldea eraikita hurrengo pausoa bailarako lehen sektoreko ekoizleekin hitz egitea izango litzatekeela aipatu du Quesadak. «Bertakoak eta garaiko produktu ekologikoak erabili nahi genituzke sukalde horretan. Otordu ahalik eta osasuntsuenak eskaintzea da eskola komunitate osoaren nahia, udalarena, irakasleona, gurasoena... Iruditzen zaigu onura ez litzatekeela eskolan bertan geratuko, lehen sektoreari ere bultzada bat eman diezaiokegu modu horretara antolatuta». Norabide horretan hasi eta epe luzeagora sukaldearen kudeaketa eskolako komunitatearen esku geratzea izango litzateke helburua. «Badaude Bizkai aldean eredu batzuk eta gurasoak beraiek antolatu dira sukaldearen martxa eramateko, erosketak egin eta bertan otorduak prestatzeko».

Horretara iritsi aurretik beste zenbait pauso eman beharko dituzte, eta orain, udalaren babesarekin, lehen urratsa emana dute Arratzaingo eraikineko atezainaren etxebizitza izandakoan eta oraingo jangelako office-ak hartzen duen espazioan, sukaldea eraikitzeko. Eusko Jaurlaritzaren erantzunaren zain daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!