Berdintasun politikak gidatzeko lan mahai irekia sortu dute

Jon Miranda Labaien 2024ko urt. 30a, 18:00

Berdintasunean Ados! mahaiak izaera publiko, ireki eta parte hartzailea izango du eta lehen bilera otsailaren 7an egingo du, 18:30ean udaletxeko batzar aretoan.

Amasa-Villabonako Udalak aurrerantzean martxan jarriko dituen politika feministak edota LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldekoak modu parte hartzailean erabakiko ditu. Horretarako Berdintasunean Ados! lan mahai irekia sortu du. Hileko lehenengo asteazkenetan bilduko da udaletxeko batzar aretoan eta estreinako bilera otsailaren 7an egingo du, 18:30etik aurrera.

Udalean aurretik eratutako gainerako Ados! mahaiek duten izaera publiko, ireki eta parte hartzailea bera izango du honek ere, Beatriz Unzue alkateak nabarmendu duenez. «Interesa duen edonor partaide izan daiteke». Alkateak berak eta Irune Alfonso Berdintasun zinegotziak hartuko dute parte mahaian eta dagoeneko udal ordezkariek konfirmatu dute mugimendu feminista antolatuak –Lurgatz eta Akain talde feministek–eta udaleko kale hezitzaileek parte hartuko dutela foro honetan. Alazne Aierbe Gizarte Zerbitzuetako teknikariak dinamizatu eta gidatuko du mahaia.

Bilerak baino astebete lehenago deialdia eta gai zerrendak Villabona.eus webgunean eta sare sozialetako kanal ofizialetan argitaratuko dituzte. Gainera, berdintasuna@villabona.eus helbide elektronikoa ere sortu dute, Alfonsok aipatu duenez, «mahaiarekin harremanetan jartzeko edo berdintasunari zein aniztasunari lotutako gaien inguruan udalari kontsultak eta ekarpenak egiteko».

Erabakitzeko ahalmena

Udal gobernuak erabakitzeko ahalmen osoa aitortuko dio Berdintasunean Ados! mahaiari. «Amasa-Villabonako udalerrian eramango den berdintasun politika mahai honetan eztabaidatu eta definituko da eta gero politika hori aurrera eramateko udalak jarriko ditu baliabideak», esan du Unzuek.

Besteak beste, genero berdintasuna, indarkeria matxista, LGTBI fobia, emakumeen ahalduntzea, gizartearen sentsibilizazioa, zaintza sistema komunitario feminista eta hezkidetza feminista landuko dituzte mahai horretan, eta LGTBI+ komunitatearen bizi baldintzak hobetzeko udalak garatu zuen plana abiapuntu hartuta, bertako neurriak martxan jarriko dituzte.

Berdintasun zinegotziak aurreratu du bere ibilbidea garatzeko 53.000 eurotik gorako aurrekontua izango duela mahaiak  eta hainbat partida ekonomiko zuzenean kudeatuko direla bertatik: «Politika feministak martxan jartzeko 30.000 euro; genero indarkeriaren aurkako ekintzetarako 5.000 euro; eta zaintza sistemaren azterketa egiteko 18.150 euro».

Otsailaren 7an egingo den lehen bilerarako gonbidapena luzatu dute udal ordezkariek. «Berdintasunaren alde ekarpena egin nahi duten herritar guztiei egin nahi diegu gonbidapena, udaletxeko ateak zabalik egongo dira denentzat. Ziur gaude herritarren parte hartzearekin eta bultzadarekin Amasa-Villabona berdinzale, parekide eta feminista eraikiko dugula», esanez amaitu du aurkezpena Alfonsok

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!