ELKARRIZKETA

«Jatetxean sortzen den giroa gustuko dut, horrek lana errazten baitu»

Leyre Carrasco 2024ko urt. 31a, 07:59

Madrid Fusion Gastronomiaren Nazioarteko Kongresuan Areto-buru Berri Onenaren Saria eskuratzeko hautagaia da; izendapena bera ez zuela espero, eta ospatzeko modukoa dela kontatu du Naroa Perez Simon billabonatarrak.

Dantza irakaslea ez ezik, ostalaria ere bada Naroa Perez Simon (Amasa-Villabonako, 1996). Andoaingo Gaztañaga sagardotegian eman zituen bere lehen pausoak eta pandemiaz geroztik, Orioko Xixario erretegian egiten du lan. Hain justu, bertan areto-buru gisa egindako lanagatik Madrid Fusion Gastronomiaren Nazioarteko Kongresuko Areto-buru berri onenaren saria eskuratzeko hautatu dute. Gaur arratsaldean jakinaraziko dute irabazlearen izena.

Madrid Fusioneko Areto-buru Berri Onenaren Saria eskuratzeko zazpi izendatuen artean zaude. Nola jaso zenuen honen berri?

Pasa den asteartean egunkari batetik deitu zidaten elkarrizketa bat egiteko. Nik ez nuen elkarrizketaren zergatia ulertzen, oraindik ez nekielako ezer, eta beraiek izan ziren izendapenaren berri eman zidatenak. Gau horretan Madrid Fusionekoen mezua iritsi zitzaidan izendatuen zerrendaren berri emanez eta sariaren inguruko nondik norakoak azalduz.

Sorpresa handia izango zen. Espero al zenuen?

Ez, baina gogoan dut egun batean Madrid Fusioneko presidentea eta epaimahaikideak etorri zirela Xixariora bazkaltzera. Bazkalostean, nire lan egiteko moduagatik zoriondu ninduten. Une horretan ez nekien zeintzuk ziren, gerora ohartu nintzen. Gainera, lehen Sukaldari Berriaren Saria eta Gozogile Berriaren Saria bakarrik banatzen zituzten, eta aurten, lehen aldiz antolatu dute Areto-buru Berriaren Saria. Hau antolatzearen arrazoia zera da, sukaldari eta gozogile horiek ez luketela lanik izango areto-buruen lan onagatik ez balitz.

Nola hartu zuten zure lankideek albistea?

Nagusiari deitu nion egia ote zen galdetuz, eta berak esan zidan antolakuntzatik deitu ziotela nire zenbakia eskatuz, beraz, egia izan behar zuela. Guztiak harrituta geratu ginen, ez genuen espero.

Noiztik egiten duzu lan Xixario erretegian?

Pandemiaren ostean hasi nintzen, 2020an.

Zenbat langilek egiten duzue lan?

Urtean zehar bost langilek egiten dugu lan, baina udaran zazpi edo zortzi langile inguru izaten gara.

Nolakoa da lan egiteko duzuen giroa?

Oso ona, familia bat gara. Azkenean, egun guztia batera igarotzen dugu eta egunero ikusten dugu elkar. Oso harreman ona dugu gure artean eta lanetik kanpo ere harremana mantentzen jarraitzen dugu.

Aurretik beste jatetxe edo taberna batean egin al duzu lan?

Bai, Gaztañaga sagardotegian (Andoain) hasi nintzen lanean, eta ondo moldatzen nintzenez, arduradun bezala hasi nintzen Xixario erretegian.

Areto-burua zara. Zeintzuk dira zure ardurak?

Hornitzaileak etortzen zaizkit eta eskari guztiak antolatzen ditut, diru kontuak ere nik ematen ditut eta jatetxeko aretoan zerbitzu bat eskaintzeaz gain, bertako lana kudeatzen dut. Gauean, hurrengo eguneko eskariak antolatzen ditut eta hori egunero egiten dut.

Zer da zure lanpostutik gehien gustatzen zaizuna?

Bezeroekin sortzen dudan harremana da gehien gustatzen zaidana, gustuko baitut jendearekin hitz egitea eta egotea. Azken batean, jatetxean sortzen den giroa gustatzen zait. Gainera, horrek lana errazten du. Lanean ondo pasatzea garrantzitsua iruditzen zait.

Beste proiekturik ba al duzu eskuartean?

Oso bideratuta ez zegoenez, orain arte ezin nuen asko kontatu, baina, jada, gainetik bada ere, zerbait esan dezaket. Ni sagardotegi batean hasi nintzen lanean eta sagardotegi mundua asko maite dut. Bada, Petritegi sagardotegian (Astigarraga) Sagarbar izena izango duen proiektu berri bat abiaraziko dute. Ez da sagardotegi tradizional bat izango, baizik eta zerbait modernoagoa. Sagardo txorrotak egongo dira, sagardo desberdinekin eta sukaldea irekia izango da. Parrilako janaria egongo da, baina partekatzeko errazioak izango dira gehienbat. Ni bertan areto-buru moduan ariko naiz lanean.

Punta-puntako sei jatetxetako areto-buruekin batera zaude izendatuta. Lehia handia ikusten al duzu?

Izugarria. Egun hauetan jatetxe horien inguruan informatzen aritu naiz, eta Michelin izarrak dituztela ohartu naiz. Hala ere, badakit ez dudala hori begiratu behar, pertsona batek jatetxe bat nola gidatzen duen hartuko dutelako kontuan, eta ez pertsona batek Michelin izarra duen jatetxe bat nola kudeatzen duen.

Madrilen zaude dagoeneko. Nola sentitzen zara?

Lehen egunean pixka bat galduta ibili nintzen. Hiru eguneko ekitaldia ari da izaten Madrilgo Ifeman antolatu dutena. Bertan, herri guztietako postuak daude eta bakoitzak bere herrialdeko produktu tradizionalak eraman ditu. Horrez gain, lau areto nagusi daude eta horietan ekitaldiak antolatu dituzte. Hain zuzen, auditorioan banatuko dituzte sariak.

Gaur jasoko duzue emaitza. Zer espero duzu?

Hiru sari banatuko dituzte, Sukaldari Berria, Gozogile Berria eta Areto-buru Berria. Azken hau gaur bertan jakinaraziko dute. Hona iristearekin ni pozik nago, ez bainuen izendapena ere espero. Saria lortzen badut asko poztuko naiz, eta ez badut lortzen ere pozik nago noraino iritsi naizen ikusita. Beraz, hori ere ospatzeko modukoa da.

Saria eskuratuz gero, nola ospatuko duzu?

Ez dut pentsatu ere egin, baina zerbait egingo dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!