Estalpe berria jarri dute Arratzaingo eskola publikoaren patioan

Ataria 2024ko urtarrilaren 23a

Udalak 148.135 euroko inbertsioa egin du eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren laguntza jaso du, inbertsio osoaren %60a finantzatu du Gasteizko gobernuak.

Amasa-Villabonako Udalak inbertsio berria egin du Arratzaingo eskola eremuan. Fleming herri eskola eta Erniobea BHI ikastetxeek elkarbanatzen duten eraikinaren barneko patioan estalpe berria jarri dute. "Hemendik aurrera, beraz, beste espazio estali bat edukiko du Arratzaingo eskola eremuak, eta bertako ikasleek euria ari duenean ere patio estalia eta bertan dagoen parkea erabiltzeko aukera izango dute", esan dute udal ordezkariek.

Inbertsioak 148.135 euroko aurrekontua izan du eta Cumenorte S.L. enpresari esleitu dizkio udalak estalpea eraiki eta instalatzeko lanak. Obraren finantziaziorako Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren laguntza izan du eta 88.881 euroko ekarpena jaso du, inbertsio osoaren %60a. Inbertsio hau Amasa-Villabonako Udalak Fleming herri eskolako zuzendaritzarekin adostutako eskola publikoaren azpiegitura eta instalakuntzak hobetzeko inbertsio-plangintzaren barruan kokatzen da.

"Eraikinaren barne patioan ezarritako estalpe berriak, eguraldiaren gorabeheren eraginik gabe, aisialdia aire zabalean gozatzeko aukera berri bat emango die Fleming zein Erniobeako ikasle eta hezitzaileei", esan dute udaletik. Herriko hezkuntza publikoaren azpiegiturak hobetzeko "etengabeko ahalegina" egiten ari direla nabarmendu dute Amasa-Villabonako udal ordezkariek. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!